Santikutz jaiek badute zapia eta egitarauetarako azala
Jaietako lan batzordeak antolatutako lehiaketen bidez aukeratu dira irudiak. Zapiak Esperanza Larrazaren irudia eramango du, eta Maiatzeko eta Agorreko jai egitarauen azalak, Ainara Romeroren diseinuarekin egingo dira
Esperanza Larrazarenak eta Ainara Romerorenak dira Santikutzetako irudi nagusiak, Jaietako lan batzordeak martxan jarritako lehiaketak irabazi eta gero. Larrazak datozen hiru-lau urteetako jaietako zapiaren irudia diseinatu du, eta Romerok aurtengo Maiatzeko eta Agorreko Santikutzetako jai egitarauko azaletarako irudia. Atzo jaso zuten irabazitako saria Miryam Galilea kultura zinegotziaren eskutik, udaletxean.
Jaietako lan taldearen ekimenez egin dira bi lehiaketak, eta bertan erabaki dira lan irabazleak. Zapia berria da Legazpiko jaietan, eta lehiaketa horretara bost lan aurkeztu ziren. Jai egitarauaren azalerako, berriz, hamabi lan jaso zituzten. Guztiak ikusgai egon dira Kultur Etxean.
Zapia, hiru-lau urteetarako
Greativos GH diseinu estudioan egiten du lan Larrazak, baina administraria da berez, nahiz eta diseinu grafikoan ere aritzen den tarteka. Zapiarentzako diseinatu duen irudiaren gainean esan duenez, «nik jaien inguruan dudan kontzeptua islatzen du, jendea dantzan. Niretzak oso inportantea da Mirandaolako erromeria, eta hori jaso dut. Dantzariekin, txistulari bat eta trikitilariak sartu ditut. Erromeria hutsa».
Tipografia, berriz, 1969 inguruko jaietako egitarau batetik hartu du. Izan ere, gaur «dena modernitatea da, eta nik atzera begiratu nahi izan dut». Koloreak, berriz, lehiaketaren oinarrietan ezarrita bezala, Legazpiko banderaren beige eta granatea dira. Laster jarriko dute salgai.
Irudi bat bi azaletarako
Aurtengo Maiatzeko zein Agorreko Santikutzetako jai egitarauen azalek irudi bera eramango dute, Romerok egindakoa; hilabetea besterik ez da aldatuko, eta batean «Maiatzeko» eta bestean «Agorreko» erantsiko da.
Elkartasun jokoa du izenburua irudiak, eta egileak azaldu duenez, «jaietan kuadrilla guztiak elkartu egiten gara, denak batera ibiltzen gara… Horregatik, hizkietan festetako kuadrillen kamisetetan erabiltzen diren koloreak jaso nahi izan ditut. Jaiak, gainera, koloretsuak dira».
Romero urretxuarra da, Zumarragan bizi da, eta diseinatzaile grafikoa da Legazpiko Zuzen estudioan.