Hamar mila etxetako despentsak betetzeko eskariak jaso ditu Errigorak
23. Korrikako 767. kilometroan korrika eginez eskerrak eman dizkiete Errigoraren sustatzaileek eskariak egin dituzten herritar guztiei.
Udaberriroko Nafar hegoaldeko uzta Eskutik eskura kanpainan eskaerak egiteko epea itxita, “komunitatearen atxikimendua sendotu eta kontsumitzaile berriz aberastu” dutela nabarmendu du Errigorak. Hona jakinarazi dituzten zenbait datu:
- 10.000 etxetako despentsak betetzeko eskariak jaso ditu
- 127.000 litro olio izan dira eskatutakoak
- 26.000 kontserba, lekale, arroz, pasta eta ardo-lote dira eskatutakoak
“Azken hilabetetan agerikoa izan da bai elikagaien prezioen eromena eta bai nekazal munduaren itolarria. Merkatu logikak eragiten dituen zailtasun hauen aurrean bestelako merkaturatze eredu bat praktikan jartzeko aukera izan da udaberriko kanpaina. Eutsi gureari! lelopean egin genuen hain zuzen deia kanpainan parte hartu eta eskaerak egiteko; zailtasunez jakitun, gure ahaletatik ametsetarako bidea marraztu ez ezik, bidea egiten jarraitu genezan. Bada eutsi diogula esan dezakegu emaitzak ikusita”, adierazi du.
Cadreitan korrika eginez esker ona
Egunotan Korrika martxan da bidez-bide, eta asteburuan pasatu du Nafarroako Erriberatik eta Lizarraldetik. “Udaberriko kanpainak, euskaraz kontsumitzeko aukera suposatzeaz gain edo ekoizle etxeetan euskara planak ezartzeko bultzada ekartzeaz gain, badu lekukoa eskuz-esku eramatearen antzekotasunik! Badu Harrotasunetaik eta badu Herritik! Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko auzolan hau beste behin gauzatzea bera ahalduntze ariketa bat da, ahalak metatzen jarraitzekoa”. Cadreitan, Korrikaren 767 kilometroan, korrika eginez eman nahi izan diete esker ona Errigoraren sustatatzaileek eskariak egin dituzten guztiei.
Aurrera begirako ametsak
“Eta aurrera begira jarrita zergatik ez amets berriak marraztu? Nekazarientzat lan baldintza duinagoak eskuratzea bezalakoak; edo merkatu logikatik ateratzeko ekoizle eta kontsumitzaileen arteko epe-erdiko akordioak bezalako ametsak edota kontsumo-elkarte eta eragileekin aliantza-sareak osatzea bezalakoak. Eta zergatik ez ekoizpen- eta elaborazio-bitarteko kolektiboak eskuratu? Lurrak erostea, lur komunaletan hitzarmenak lortzea, ontziratze azpiegiturak gureganatzea, olio errota komunitarioak sustatzea… Zergatik ez?”.
Datozen asteetan Errigorak balioak zigilupean (https://www.errigora.eus/identifikatzailea) Euskal Herriko ehunka herritara iritsiko dira eskatutako produktuak paletetan atonduta, eskuz esku banatzeko.