Hotz Legazpik 1.500 kilo elikagai bildu ditu Lesbosera bidaltzeko
Hainbat boluntarioren laguntzarekin, Laubiden eta Azokan egin zuten janari bilketa larunbat goizean elkarteko kideek. Astean zehar herriko ikastetxeetan ere bildu zituzten elikagaiak, "Ikasle bat kilo bat" lelopean.
Legazpiarren elkartasunari esker, Greziako Lesbos uhartean bizi diren errefuxiatuek 1.500 kilo elikagai jasoko dituzte laster Hotz Legazpi eta Zaporeak elkarteen bitartez. Legazpin bildutako elikagaiak Zaporeak elkarteak Martutenen duen biltegian daude dagoeneko, Greziara noiz bidali zain.
Hotz Legazpik antolatuta bildu zuten janaria elkarteko kideek eta hainbat boluntariok Laubideko kale nagusian eta Azokan larunbat goizean. Arroz luzea, pasta, olioa, egosi gabeko babarrunak eta garbantzuak, eta sardinak eta atuna bezalako arraina kontserban eskatu zizkieten legazpiarrei. Aurreko astean zehar, herriko eskoletan ere egin zuten bilketa, Ikasle bat, kilo bat lelopean.
Elikagaien beharra “izugarria” da Lesbosen, eta jasotako guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiete Hotz Legazpikoek legazpiarrei, “errefuxiatuek behar gaituzte. Behar zaituzte. Ekarpen bakoitza, txikia iruditzen bazaigu ere, ekarpen handia da”.
Aldi berean, gogoratu dute Zaporeak elkarteak sei hilabeteko proiektua hasi zuela errefuxiatuei jaten emateko, eta zortzi urte daramatela dagoeneko eginkizun horretan. 2023ko urritik, egunero 3.000 errazio inguru prestatzen dituela ere azaldu du, “pertsona ahulenei banatzen diete janaria: haurdun dauden emakumeei, haurrei, gaixoei”. Errefuxiatuen esparruan 6.000 pertsona inguru bizi dira, eta “horietako askok ez dute janari osasungarria jateko modurik”. Hori ikusita, elikagaiak dituzten poltsak banatuko dituzte, “prestatzen dituzten errazioak lortzeko aukerarik ez dutenek kozinatu ditzaten”.
Palestina gogoan
Greziako errefuxiatuentzako elikagaiak biltzen ari ziren bitartean, Pastena ere gogoratu zuten Hotz Legazpikoek eta legazpiarrek. Palestinarrek bizi duten egoera salatzeko, ekintza sinboliko bana egin zuten Azokan eta Laubiden. ‘Bakea’ hitza idatzi zuten lurrean, eta hizkien gainean bakea irudikatzen zuen irudia zeramaten paperezko orriak jarri zituzten hitz osoa estali arte.