«Debutarekin gustura nago, nire papera bete dudala uste dut eta gozatu dut»
Aurreneko parte-hartzea izan duzu. Zer moduz?
Lehenengo sariketa nuen, oro har, ez Osinaldeko kanporaketetan bakarrik. Gustura eta lasai sentitu naiz, eta bertsotan nire mailan jardun naiz. Lagun asko joan dira, eta giro eta plaza ederra zeuden bertsotarako.
Nolako saioa iruditu zaizu?
Maila ona egon dela uste dut. Hasi oso ondo egin da, zortziko handian denak gora joan dira. Gero, bukaera aldera, pixka bat jaitsi da, baina orokorrean maila ona ikusi dut. Denok ere erregular jardun gara.
Pertsonalki, zer nota jarriko zenioke zure lanari?
Hasi hobeto egin naiz. Irristadaren bat eduki dut, eta hor egin dut behera. Puntu-erantzunetan ondo aritu naiz, bakarkakoan ez horrenbeste: gaia zaila egin zait. Debutarekin gustura nago, ona izan dela uste dut. Nire papera ondo bete dut; gozatzera joan naiz, eta lortu dut. Hobetu beharrekoak ere baditut, noski, baina horiek hobetzen joango gara.