Sustrai Goenaga lazkaotarra, Eskolarteko finalera
Legazpiko Muruazpi elkartean jokatu da Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketa. June Aiestaran beasaindarra ere sailkatuta dago finalerako.
Sustrai Goenaga lazkaotarrak Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketaren finalerako txartela lortu du. Joan den ostiralean jokatu zuten sei bertsolari gaztek hirugarren kanporaketa Legazpiko Muruazpi elkartean, eta Goenaga izan zen epaileen iritziz ondoen aritu zena. Tartean bazen Goierriko beste bertsolari gazte bat, Amets Zubizarreta beasaindarra.
Legazpikoaren aurretik, beste bi kanporaketa jokatu dira, Aizarnazabalen eta Andoainen, eta bigarrenean, June Aiestaran beasaindarrak lortu zuen finalerako sailkatzea. Laugarren eta azken kanporaketa Oiartzungo Girizia elkarteak jokatuko da martxoaren 22an, eta lau bertsolari ariko dira kantuan.
Gipuzkoako Eskolartekoaren 44. edizioa da 2024koa, eta finala apirilaren 12an izango da, Lasturren. Guztira 22 gaztek eman dute izena txapelketan parte hartzeko. Lau kanporaketen irabazleak zuzenean sailkatzen dira finalerako, eta beste biak puntuazioz. Oiartzungo saioaren ondoren jakingo da zeintzuk diren sailkatzen direnak. Goierrik, oraingoz, bi ordezkari izango ditu finalean.