Txerriak euskal historian duen garrantzia ikertu du Jose Antonio Azpiazuk
Legazpiko historialariak ostegunean aurkeztuko du ikerketaren emaitza Burdinola elkarteak antolatutako hitzaldian. Kultur Etxean izango da, 19:00etan.
Jose Antonio Azpiazuk (Legazpi, 1944), txerriak euskal gizartean izan duen garrantzia aztertu du bere azken lanerako, eta bihar hitz egingo du ikerketaren emaitzaz Burdinola elkarteak antolatutako hitzaldian. El cerdo en la historia de los vascos: nuestro sorprendente parentesco con un animal injustamente despreciado (Txerria euskaldunon historian: bidegabeki mespretxatutako abere horrekin dugun ahaidetasun harrigarria) da hitzaldiaren izenburua, eta Kultur Etxean izango da, 19:00etan.
Oñatin bizi den legazpiarra jubilatuta dago aspaldi, baina aktiboan jarraitzen du euskal historian arakatzen, «oraindik paper artean galtzen naiz», dio. Azken lanerako gai bitxia aukeratu du, «egia da ez dela oso arrunta, ia-ia ezezaguna da. Baina horixe izan da nire ibilbidea, merkatariekin hasi nintzenetik. Emakumeen gaia landu nuen gero, eskandalu txiki bat eragin zuen esklaboena eta trafikariena gero…». Orain txerria aukeratu du, «euskal historiaren protagonista handia izan da. Jendearen kezka nagusietako bat gosea izan da, eta txerria ezinbestekoa izan da horri aurre egiteko».
Azpiazuren ikerketa Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak du jasota, eta udaberrian argitaratuko du, baina ez du komertzializatuko.
Etxeko ekonomiaren sustengu
Txerriak izan duen garrantziaren hainbat adierazle aurkitu ditu Azpiazuk bere ikerketan, eta horietako bat Zamorakoa da, «baina hemen ere aplikatu daiteke. Hiri horretan garai batean jendea baino txerri gehiago zegoen, eta agintariek kentzeko eskatu zien herritarrei, baina txerriak hazi gabe ezingo zutela ogirik erosi erantzun zieten».
Azpiazuren ikerketa XVI. eta XVII. mendeetako dokumentazioetan oinarritu da asko, baina gertuagoko garaiak eta bere inguru fisikoa ere aztertu ditu: «Araotz eta Arantzazuko baserrietan ibili naiz, Oñatiko ganadu hiltzaileekin hitz egin dut, lagunekin ere bai…». Eta datu interesgarriak jaso ditu, adibidez, gerra zibilaren osteko garaietan baserri bakoitzean gutxienez txerri bat zutela. «Baina legeak urtean txerri bat baino gehiago hiltzea debekatzen zien baserritarrei, eta bigarrena hiltzen bazuten, konfiskatu egiten zieten. Hori ez gertatzeko, lehen txerria labanaz hiltzen zuten, egiten zituen kurrinkekin ingurukoak enteratu zitezen. Bigarren txerria isilik hiltzen zuten, buruan mazo kolpe bat emanda, edo elektrokutatuta, zaratarik atera ez zedin».
Horrek erakusten du txerria zein garrantzitsua zen baserrietan garai haietan, «baserritarrek jaten zuten haragi bakarra zen; oiloak, untxiak… horiek saldu egiten zituzten, eta txerria etxerako izaten zen».
Ardiak baino gehiago
Beti izan da garrantzitsua txerria euskal gizartean, eta XVI. mendean, abererik ugariena zen, «ardiak baino gehiago zeuden». Oñatiko Araotz eta Araba artean dagoen Artia mendi zerrara, adibidez, 1.500 txerri inguru eramaten zituzten ezkurrak erortzen ziren garaian, ez bakarrik Oñatikoak, baita inguruko herrietakoak ere. «Kanpokoek ordaindu egin behar izaten zuten horregatik, eta herrikoek ‘ezkurbeste’ deitzen zena ordaindu behar izaten zioten Oñatiko kondeari, hau da, 66 txerritik bat».
Enirio-Aralar inguruan beste hainbeste txerri izaten ziren, eta Gorbeiara, Zigoitia (Araba) eta Zeanuri artean, 2.000 buru eramaten zituzten». Nafarroan ere bazegoen ohitura hori, eta Azpiazuk ezagutu ditu eta jaso ditu ume eta gazte garaietan txerriak basora eramaten zituztenen testigantzak: Ultzaman, Lesakan, Arbizun…
Txerriaren ospe txarra
Txerria ugaria eta garrantzitsua izan da, baina beti izan du ospe txarra, eta bere izena zikinkeriarekin edo makurkeriarekin lotzen da askotan. «Baina txerria abere garbia da». Esamolde gutxiesgarriak ere aipatu ditu, gaztelerazko ‘suda como un cerdo’ adibidez, «eta txerriak ez du izerditzen». Abere honek ura behar duela dio, eta askotan ur hori edo hezetasuna lortzeko lokatzetan ibiltzen duela, eta hortik datorkiola zikin ospea.
Erlijio desberdinetan txerriaren inguruan dauden debekuez ere hitz egin du Legazpiko historialariak, eta «interpretazio asko» daudela esan du, «batzuetan abere sakratua ere izan zen».
Mespretxatua izaten zen bezala, estimatua ere bazela gogoratu du, eta etxe askotan «familiako kide bat gehiago zen, hainbat familia argazkitan txerri bat agertzen da».
Txerria eta bitxikeriak
Euskal Herrira itzulita, txarriboda edo txerri hiltzearen inguruko usadioen aipamena egin du, «txerria hiltzearen ondorengoa familiakoekin eta bizilagunekin sozializatzeko bidea zen, odolkiak oparitzen zirenean, adibidez».
Eta odolkiak aipatuta, gastronomian duen lekua ez dela ahaztu behar ere esan du, eta horrekin lotuta, ekonomikoki duen balioa ere aipatu du. «Negozio garrantzitsua da gaur, eta lehen ere bai. Garai batean Iparraldetik ere ekartzen zituzten txerriak hazita, hemen saltzeko. Industrializazioaren garaia zen, eta herritar askok ez zuten denborarik txerriak hazteko. Txerria ezinbestekoa zen industriaren inguruan ere».
Bitxikeria gehiago ere badaude txerriaren inguruan, horren anatomia eta gizakiarenaren artean dagoen gertutasuna, adibidez, «transplanteak egiteko ere erabili dira txerriaren organoak». Terranovako arrantzaleekin ere egin du lotura Azpiazuk, itsasontzietan gatzunetan kontserbatutako urdaiazpikoak eramaten zituztelako.
Eta mezetara ere joaten ziren, Azkoitian behintzat. Dokumentu batean jasota dagoenez, eliza barruan sartzen ziren txerriak, eta alkateak bando bat atera behar izan zuen hori debekatzeko»