Hiru hilabeteko eta 17 ekitaldiko Kulturaldia atondu dute Gabirian
Ekainaren 8an bukatuko dira ekintzak, Goierriko Irakurle Taldeen topaketarekin.
Udaberri ia osoa hartuko duen Kulturaldia 2024 egitaraua ondu du Gabiriako Kultura Batzordeak. Aztiriko bertso sariketarekin hasi zen zapatuan, eta ekainaren 8ra arte, 17 ekitaldi iragarri dituzte hiru hilabeteotan garatzeko.
Korrika Txikia (etzi, 11:30ean) eta Korrikaren iritsiera (zapatuan) izango dira hurrena, herrigunetik lehen aldiz pasatuko dena. Aberri Eguna 31n da.
Apirilean, bertsolaritzak eta mendiak hartuko dute pisua. Osinalde sariko finala (apirilak 6) eta Gipuzkoa Bertsotan sailkatze faseko saioa (26) jokatuko dira. Leharrei mendi lasterketa hilaren 20an egin aurrez, Joseba Iztuetaren Zanskar dokumentala eta boulder eskalada txapelketa jarri dituzte.
Dantzari Txiki eguna (14an), Valentin Larrearen bi ahots pieza kantatzeko Eragiyok koruaren kontzertua (21), eta Felix Zubiaren medikuaren hitzaldia (15) dira osagaiak.
Maiatzean, Auzolangiltza dokumentala (3), sukaldari ikastaroa Aztirian (8), Zopa antzerkia (12) eta jubilatu eguna (19) daude. Ekainean, irakurle topaketa.