Jasangarritasun eta hirigintza gaietan herritarren parte hartzea eskatu du Udalak
Beasaingo Udalarentzat «estrategikoak» dira jasangarritasuna eta hirigintza. Bi gaiak lantzeko batzordeetan parte hartuko duten herritarrek izena eman behar dute martxoaren 31a baino lehen.
Beasaingo Udalak herritarren parte hartzea eskatu du, ingurumenaren zaintza eta hirigintza politikak gaietan. Etorkizunera begira bi gai horiek lantzeko batzordeak eratuko ditu, eta bertan parte hartuko dute sei herritarrek.
Jasangarritasun Energetikorako Partaidetza Batzordeak, jasangarritasun energetikoaren alorrean organo aholku-emailea izatea du eginkizun. Batzorde honen helburua, Beasaingo Udalaren jasangarritasun energetikoko politiken diseinuan eta erabakietan gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek benetan parte hartzen dutela ziurtatzea da.
Horretarako, energia arloan formakuntza edota esperientzia duten lau herritarrek parte-hartu ahal izango dute, baita jarduera udalerrian edo eskualdean garatzen duten elkarteetako eta Beasaingo enpresetako bi kidek ere. Gainontzeko partaideak, alkatea, lurralde batzordeko presidente eta zinegotziak, udal langileen ordezkariak eta ingurumen teknikaria izango dira.
Udal Planeamenduko Aholku Batzordearen zeregin nagusia, berriz, hirigintza plangintza orokorra osatu, puntualki aldatu edota berrikuspena egiteko espedienteei buruzko informazioa aztertu eta iritzia azaltzea izango da. Era berean, batzordeak eskumena izango du hirigintza-antolamenduko beste plan eta tresna batzuei buruzko saioen deialdia egiteko.
Zinegotziak edo udal teknikariak ez diren kideen artean, Bareak elkarteko ordezkari bat, Tokiko Agenda 2030eko ordezkari bat eta Eskola Agenda 2030eko hirugarren ordezkari bat izendatuko dira. Horretaz gain, jarduera udalerrian garatzen duten elkarteetako beste bi kide ere egon ahal izango dira. Halaber, hirigintza, ingurumen, kultura, kirol, hezkuntza eta gazte gaietan adituak diren pertsonak.
Izen ematea
Bi batzorde horietako kide izan nahi duten herritarrek, eskakizuna egin beharko dute udal ordezkarien bitartez, udala@beasain.eus epostara idatziz edota IGunean. Horretarako epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.