Ormaiztegin ere euskararen alde
Korrika Txikia, dantzaldia eta Ekain magoaren ikuskizuna antolatu dituzte biharko. Korrika nagusia larunbatean iritsiko da Ormaiztegira, 8:30 inguruan.
Ormaiztegiko Korrika batzordeak eta herriko hainbat eragilek hainbat ekitaldi antolatu dituzte Korrikaren harira. Bihar, osteguna, Korrika Txikia izango dute, San Andres herri eskolak antolatuta. Oin-harriak jubilatu elkarteko zenbait kide ere lagun izango dituzte euskararen aldeko korrikaldian. Aurten korrika nagusia Ormaiztegiko erdigunetik igaroko ez denez, indar berezia eman nahi zaio Korrika Txikiari eta errepidetik egingo da; eskolatik abiatu, Gabirialde, Zumarralde, Zumalakarregi, San Andres eta itzulera eskolara Gabirialdetik.
Korrika txikia amaituta, dantzaldia eskainiko dute eskolako haurrek eta jarraian Ekain malabaristaren saioa antolatu du San Andres herri eskolako guraso elkarteak. Zubipe kiroldegian izango da, 17:00etan hasita. Sarrera 2€ kobratuko dute eta lortutako dirua Korrikarentzat izango da. Amaieran, Korrikako materiala zozkatuko du guraso elkarteak bertako bazkideen artean.
Goierriko beste lekuetan bezala, larunbatean pasatuko da Korrika nagusia Ormaiztegitik. Martxoaren 23an, 8:00etan egin dute hitzordua musikaz lagunduta beroketa ariketak egiteko. 8:30 ingururako espero dute Korrikaren iritsiera, Beheko errotako gurutzetik hasi eta Mutiloako sarreraraino egingo dute korrika ormaiztegiarrek. Behin korrikaldia amaituta txokolatea eta bizkotxoak jateko aukera izango da 9:15ean eliz atarian.
Ormaiztegiko Korrika batzordetik jakitera eman dutenez, egun hauetako ekintzetan bildutako dirua Korrikarentzat izango da.