Santa Engraziako gurutzea zaharberrituta aterako da Ostiral Santu egunean
XVI. Mendeko irudia da gurutzea. Denboraren eraginez, kalte handiak zituen irudiak. Ostiral Santu egunean bedeinkatuko dute gurutzea.
Orain urte bete ekin zion Segurako parrokiak Santa Emgrazia ermitako gurutzea zaharberritzeko asmoari. XVI. mendeko irudia da eta Jesus Javier Dominguez Segurako parrokoak esan duenez, “denboraren eraginez kalte handiak” zituen. Zaharberritzeak “4.000 euroko kostua” izan du eta bertan bizi diren, eta baita bertan jaio eta kanpoan bizi diren segurarrek egindako dohaintzei esker gauzatu da.
Gurutzeak bere antzinatasunagatik ez ezik, duen balio sinbolikoagatik ere garrantzitsua da segurarrentzat, “280 urtez egin da, Ostiral Santu egunean, Gurutze bidea, Santa Engrazia ermitatik herriraino gurutze hau lagun”, gogorarazi du parrokoak. Hori horrela, Ostiral Santu eguneko Gurutze bidean bedeinkatuko dute gurutzea. Gurutze bidea egin eta gero arratsaldean parrokian egingo duten Nekaldiaren ospakizunean gurtzarako jarriko dute irudia: “Oroigarritzat eta otoitz-laguntzarako partituko dugu bere argazkia bertaratuko direnen artean”, gaineratu du Dominguezek.
Lerro hauen bidez Segurako parrokiak “esker ona” helarazi nahi die zaharberritzean parte hartu duten segurar guztiei.