Urtaro berria, postu berria
Waqar Ahmed barazki landareak bere kabuz ekoizten eta saltzen hasi da, lanbide horretan zazpi urtez lan egin eta gero. Erramu igandean elizara bedeinkatzera eramateko erramu adarrak izan dira beste berritasuna. Fruta saltzaileenetan, zainzuri eskaintza postu guztietara zabaldu da.
Udaberriarekin batera hasi da saltzaile berria ferian. Waqar Ahmed du izena, pakistandarra da jatorriz, baina hamar urtetik gora daramatza Euskal Herrian. Orain Lazkaon bizi da, eta barazki landareak ekoizten eta saltzen zazpi urte egin eta gero, bere kabuz jarri da, batez ere Agapito Garmendiak utzitako lekua betetzeko.
Ataunen hartu ditu 13.000 metro koadro lur lan horretarako, eta Araman egokitzen ari da biltegia eta salmenta puntua. Bitartean, ferietan ibiliko da saltzen: Ordizian asteazkenetan, Legazpin ostiraletan eta Lazkaon astelehenetan.
Lore aukera zabaltzen
Landareen salmenta indarra hartzen ari den garaian hasi da Waqar Ahmed, eta Ibarrako Montesen eta Iguategiren eskaintza osatzera dator. Gaur mugimendu berezia izan da hiru postu horietan, eta ilara luzeak ere ikusi dira tarteka. Eskaintza zabaltzen doa pixkanaka, eta eguraldia epeltzearekin batera, lanerako prest agertu da jendea.
Loreak gustuko dituztenek ere badute zer erosi, udaberri-udako loreen denboraldia finkatu delako. Aurreko astean geranio arruntak iritsi ziren Iñaki Azanzaren postura, eta gaur huntza motako geranioak ere jarri ditu salgai Maria Dolores Mendizabalek (2,80-2,90 euro artean daude). Gineako alegria ere berria da (4 euro). Hemendik aurrera bi postu horietan kolore gehiago ikusiko dela agindu dute bi saltzaileek.
Bestela, berritasunik gabeko feria izan da gaurkoa, eta zerbait aipatzekotan, erramu adarrak aipatu behar dira. Igandeko Erramu egunari begira salgai izan dituzte Maria Jesus Oriak eta Jaione Irazustak (0,20-0,50 euro artean). Jendeak erosten ditu, oraindik horrelako ohiturak mantentzen diren seinale.
Ilar gehiago, eta zizak merkeago
Ilarrak ere berritasunen atal honetan sartu behar dira, Patxi Arizmendik Alberto printzea motakoak eraman dituelako gaur feriara. Montesek dituen Dorian motako ilarrek baina leka txikiagokoak dira. Bi kasuetan, kiloa 14 euroan dago. Bai Ibarrakoak bai Aramakoak, biak negutegikoak dira, eta aire librekoak iristeko oraindik aste batzuk itxaron beharko da. Babak erosi ahal izateko ere falta da pixka bat, loretan daudelako oraindik.
Perretxikoen atalean, udaberriko zizen prezioa jaitsi dela ere esan behar da, 160 eurora kiloa (aurreko asteetan 200 euroan zegoen). Mikel Lasak bost kilo jarri ditu salgai, baita hamar kilo ziza hori eta hiru kilo saltsa perretxiko beltz ere (30 euroan kiloa, biak).
Agur baten berri ere eman behar da, Jon Etxeberria ezti saltzaileak gaur bertan amaitu duelako denboraldia. Hilabete gutxi barru itzuliko da Ordiziara, Gozatu ezti berriarekin.
Zuhaiztian, zainzuriak eta patata berria
Bestetik, Zuhaiztian dauden fruta saltzaileen postu guztietan hasi dira dagoeneko zainzuria eskaintzen. Joan den astean iritsi zen udaberriko produktu hori, baina Sevillakoa zen hura. Gaur Nafarroakoak ere bazeuden salgai. Kiloa 6,95 eta 13,95 euro artean jarri dute.
Patata berria ere iritsi da. Oraindik ez da denbora asko ereiteko patata salgai jarri zuela Javier Lacallek, eta gutxira, urteko lehen uzta ere badago aukeran, Motrildik (Granada, Espainia) ekarritakoa. Kiloa 1,25 eta 2,25 euro artean jarri dute salgai.
Bisitak, Beasaindik, Bizkaitik eta Nafarroatik
Amaitzeko, bisiten berri ere eman behar da, gaur goizean ugari izan direlako eta giro berezia jarri dutelako Ordiziako erdigune osoan goiz-goizetik. D’elikatuz zentroaren bitartez gaur herria eta feria bisitatzen izan direnak, Beasaingo Loinazpe institutuko eta Nafarroako Antsoaingo eskolako ikasleak izan dira batetik, eta Bizkaiko Mungia herritik iritsitako 170 jubilatu ere bai.