Bizitza bat tabernako pareten artean
56 urteren buruan, betiko itxi ditu ateak Ormaiztegiko Arana tabernak. Arana-Begiristain sendia izan da tabernaren gidaritzan. Orain, etapa berri baten hastapenean daude, iraganari lortutakoaz eskertuta.
Otsailaren 29an betiko itxi zituen ateak Ormaiztegiko Arana tabernak, 56 urteko zikloari amaiera emanda. Arana-Begiristain sendiaren zutabe izan da taberna, sustengu ekonomikoa eta familiaren erdigunea. Bizibidea eta bizitzeko modua. Etapa berri bati hasiera emateko unean dira orain. Tabernatik kanpora elkar aurkitzeko garaia dute.
Arana taberna 1968ko otsailean ireki zuten Teodoro eta Ignacio Arana ormaiztegiarrek. Bi anaiek autobus zerbitzua ematen zuen enpresa bat ere bazuten, eta bi lanak uztartu zituzten hasierako urteetan. Teodoro egin zen gero tabernaren kargu. Maria Begiristain emaztearekin batera –1969ko abuztuan ezkondu ziren– gobernatu zuen taberna, Iosune Begiristain ilobaren laguntzarekin.
Iosunek oroitu duenez, 1972ko abuztuaren 1ean joan zen Aranara izebari laguntzera. «Izeba haurdun zegoen. Gustatu egin zitzaidan mostradoreko lana eta Donostiara ikastera joatekoa nintzen arren, bertan geratzea erabaki nuen. Mari Jose, Olaia eta Goiatz jaio zirenean, –Teodoro eta Mariaren alabak– umezain eta etxeko lanetan aritzen nintzen gehiago. Baita, behar zenean tabernan ere».
Familia «beti lanean»
Teodoro 1996an hil zen, jubilatu berritan. Hura zen tabernaren zutabea eta Aranan, etapa berri bati hasiera eman beharra izan zioten orduan, «denok lagundu behar izan genuen ahal genuen moduan», oroitu du Olaiak. Hiru ahizpak unibertsitateko ikasketak egiten ari ziren orduan. Mari Jose, zaharrena izanik, tabernan gelditu zen. «Gustura ez, baina gelditu beharra izan nuen. Denborarekin erosotu ere egin naiz». Maria jubilatu arte Iosune eta hiruak izan dira tabernaren arduradunak. Goiatzek eta Olaiak ere beti lagundu dute. «Etxean beharra zegoela ikusten genuen, eta berez irten zaigu laguntzea». Mari Josek gaineratu du, «hemen beti egin izan dugu ikasi eta lan. Hori da irakatsi digutena».
«Gustura ez, baina gelditu beharra izan nuen tabernan. Denborarekin erosotu ere egin naiz»
Mari Jose Arana. Arana taberna
Belaunaldi gazteenek «familia beti lanean» oroitzen dute. «Ez dugu inoiz espazio libre bat izan familian egoteko», dio Olaiak. Aranako sukaldea izan dute erdigunea. Aita langilea zen, «beti lanean, baina zituen une apurretan bizitzaz gozatzen zekien gizona zen. Igandean taberna itxi eta Urbasan egun pasa joaten ginenekoak ditugu gogoan», diote.
Izan ere, garai haietan taberna ez zen apenas ixten, «Eguberri egunean, Ataungo festetan –Maria ataundarra da– eta udan hamabost egun». Gerora, Urteberri egunean ere ixten hasi ziren, igande batzuetan ere bai, gainontzeko tabernekin txandan eta beranduago, asteartero.
Astearteak
Gizartea aldatzen joan den moduan egokitu behar izan dute tabernako jarduna. Astearteetan ixteak «kristoren bizia eman digu», esan du Mari Josek. Aita bizi zela egin ez izana damu dute denek. «Astearteak tabernatik kanpora elkarrekin egoteko egunak dira guretzat. Une askotan erre naiz tabernan ez dudalako familiarekin egoteko espazio neutro bat izan. Astearteek hori eman digute», kontatu du Olaiak.
«Une askotan erre naiz tabernan ez dudalako familiarekin egoteko espazio neutro bat izan. Astearteek hori eman digute»
Olaia Arana. Arana taberna
Aro ezberdinak bizi izan dituzte Aranan, «56 urtek askorako» ematen dutelako. Jangela irekita zuten garaian, txuleta zen etxeko izarra «gure etxean haragirik gabe ez zegoen ezer», dio Mariak. Tripakiak, odolkia, haragi-bolak eta txanpiñoiak ere izan dira Aranako berezitasuna, «kanpotik ere jende asko etorri izan da gure odolkia jatera». Jangela aspaldi itxi zuten arren, pintxoak eta platerak ematen jarraitu dute azken egunera arte.
Garai aldakorrak
Urte hauetan guztietan bezeroei «gertutasuna eta konfiantza» eskaini diete, baina garaiak asko aldatu dira. «Gaur egun ez da txikitero kuadrillarik ibiltzen», dio Iosunek. 2008ko krisialdia eta pandemia «garai zailak» izan ziren tabernarentzat. Gizarteko joera aldaketek ere eragin diete, «beti betikoa eman dugunez, zaharkituta geratu ginen jangela itxi aurretik. Beste jatetxe mota batzuk jarri ziren modan, jendeak herritik kanpoko ostatuetara joateko ohitura hartu zuen…», esan du Olaiak.
Oso eskertuta daude bezeroei. «Ormaiztegikoei ez ezik, Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Mutiloakoei» ere bai. Baina barraren beste aldean «denetik» bizi izan dutela diote: «negar asko egin dugu, batzuetan errespetu falta handiak ere bizi izan ditugu». Otsailaren 29an itxi zituen ateak Aranak, «betikoen goxotasunean». Orain, etapa berri batean elkartzea izango dute helburu.
Irakurri Goiatz Aranak GoiBerri aldizkarian idatzitako Espuelea, Arananen erretratua.