«Argitasun giro batean sortutako patxada islatu nahi izan dugu disko berrian»
Gaur aurkeztuko du Garik (Legazpi, 1963) Maldanbera taldearekin ‘Behin bizitzea’ diskoa Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Soinu atmosfera berezi baten bidez, patxada transmititu nahi izan du.
Zer adierazi nahi izan duzu Behin bizitzea izenburuarekin? Behin bizitzen dela eta ondo aprobetxatu behar dela?
Bai, eta bai. Hau da, behin bizitzea baino ez dugula, baina bizitza horretan badirela hainbat bizi ere, eta eutsi behar diogula bizitzari. Sarritan, eta pandemiaren ostean ikusten ari gara oso garbi, dena da zarata, inguratuta gaude zaratarekin, eta horrek ez digu uzten denborarik hausnarketa polit bat egiteko, momenturo gabiltzalako korrika batean alde batetik bestera. Diskoak eskaintzen duena da patxada bat, hausnarketa bat, eta oso ikuspegi desberdinetatik begiratutako maitasunari buruzko gogoetak jartzen ditu mahai gainean. Baina gehien bat patxada transmititu edo islatu nahi izan dugu, argitasun giro batean lortutako patxada.
Ez da zure ohiko ukitua.
Orain arte egin ditudan lanek ukitu beltzagoa izan dute. Eta argitasun berezi hori, nola ez, kantak talde lanetik landu eta bideratu ditugulako iritsi da. Talde lan horrek indar berezi bat eman digu.
Maitasunaren gaia landu duzu, eta lasaitasuna transmititu nahi izan duzu, baina hitzekin bakarrik ez, musikarekin ere bai, ezta?
Bai. Hori guztia hitzak eta doinuak batuta lortu nahi izan dut. Ni, normalki, hitzetatik hasten naiz, hitzek sortzen dizkidaten doinuetatik. Oso gustuko dut hitzak jasotzea eta hitz horiek mamitzea, lantzea, eta hortik sortzen diren doinuak instrumentura eramatea. Oraingoan, gainera, saiatu gara musikaren bitartez hitz horiei irudiak eransten, Elurretan kantan bezala. Abestiaren sarrera horrek sortzen du horrelako atmosfera berezi bat, non errazagoa den jasotzea gero datozen hitzak.
«Oso gustuko dut hitzak jasotzea eta hitz horiek mamitzea, lantzea, eta hortik sortzen diren doinuak instrumentura eramatea»
Norenak dira hitz horiek?
Oraingoan lau kolaboratzaile izan ditut. Iñigo Astiz eta Jon Benitorekin lehendik lan egindakoa naiz, eta berriak izan dira Karmele Jaio eta Txuma Murugarrenekin egindako kolaborazioak, desberdinak, baina oso kolaborazio politak.
Bakoitzak beretik jarriko zuen.
Bai. Esperientzia oso diferenteak izan dira. Karmele Jaiori, adibidez, eskatu nizkion testu batzuk edo poema batzuk, eta bidali zizkidanak lantzen hasi nintzenean, saiatu nintzen, baina ez nuen doinurik lortu. Aparteko poema batzuk bidali zizkidan horren ondoren, eta hala argitu nuen Elurretan, han sortu zen magia.
Zer da magia hori?
Magia hori da horrelako testu bat mahai gainean izatea bat-batean, eta gitarra hartuz doinu bat sortzea lehenengo irakurketan, doinua sortzea nire barnean. Prozesu horrek ez du beste hitzik, magikoa da, gitarra hartu, gitarrekin hasi, eta bost minututan kanta idatzita izatea. Hori da gure erregaia, magia hori, magia horrek gidatzen gaitu eta bideratzen gaitu.
Eta magia hori ere transmititu nahi diozu entzuleari.
Asmoa hori izan da, eta horretarako ohikoak ez diren iturri batzuk erabili ditugu, beste sonoritate batzuetan jarri dugu arreta. Alde batetik, 1960-70eko hainbat taldek sortzen zituzten atmosferetan eta, bestetik, gaur egun hainbat taldek, edo ekoizlek hobe esanda, sortzen dituzten atmosferetan. Soinudun entsalada horrekin, erabili ditugun hitzei atmosfera berezi bat sortu nahi izan diegu.
Taldea betikoa da, baina kide berri bat gehitu zaizue?
Iker Lauroba, bai. Ikerrekin pasa den udan hasi ginen. Donostiako Aste Nagusiko kontzertua zela eta berarekin jarri ginen harremanetan, eta magia sortu zen ere, baina beste era batekoa. Harreman oso estua izan genuen, oso ondo konpondu ginen musikalki, eta esan dezakegu gaur egun Iker maldanberatar bat dela. Boskote formatuarekin sonoritatea areagotu egin dugu, eta zuzenean daukagun soinua ikaragarri ona da.
«Hasieran jasotako erantzuna oso ona izan da, kritika pertsonalak jaso ditugu, eta oso onak izan dira. Uste dut bide polita egingo duela diskoak»
Gaur aurkeztuko duzu diskoa. Nolako kontzertua izango da?
Operan bezala, hiru akto edo ekitaldi izango ditu. Lehenengoan, diskoaren atmosfera hori azaltzen saiatuko gara, baina ez da erraza izango, nire ustez oraindik falta zaizkigulako zuzeneko batzuk jotzerakoan ondo barneratzeko atmosfera hori. Horregatik ez naiz ausartzen disko berriko kantak beste errepertoriokoekin alderatzen, eta nahiago dut lehenengo zati horretan disko osoa jo. Bigarren partean ni neu geratuko naiz biluzik, gitarra akustikoarekin, bizpahiru kanta lasai-lasai jotzeko, eta hitzen poderioa azpimarratzeko. Eta hirugarren zatian gure zerrenda nagusian sartuko gara bete-betean, betiko kantekin.
Honen ondoren bira al dator?
Bai. Bilbora joango gara gero, eta Bilborako birarako errepertorioa prestatzen ari gara. Aspaldiko kanta batzuk berreskuratuko ditugu, orain dela urte asko jo ez ditugunak. Gainera, efektu bisualak ere sartuko ditugu zuzenekoan, diskoaren karpeta egin digun Ignacio Saez artista plastikoarekin landutakoak. Itxura polita hartzen ari da zuzenekoa.
Diskoa bera salgai al dago?
Bai. Elkarrekin atera dugu, eta Elkarrek dioenez, salgai dago. Ea zer harrera jasotzen dugun. Hasieran jasotako erantzuna oso ona izan da, kritika pertsonalak jaso ditugu, eta oso onak izan dira. Uste dut bide polita egingo duela diskoak.