Tren sozialaren aldeko adierazpena sinatu dute hainbat hautetsik, AHTa garatzea saihesteko
Euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen arteko loturak eragingo liekeen herrietako 208 hautetsik sinatu dute agiri instituzionala. Hego Euskal Herriko bi legebiltzarretan erregistratu dute, gaur. Tartean daude Goierriko sei udaletako 33 zinegotzi.
Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako 208 udal hautetsik adierazpen instituzional bat sinatu dute, AHT Abiadura Handiko Trenaren Euskal Y azpiegituraren eta Nafarroako Korridorearen lotura lehendik dauden trenbideekin egin dadin eskatzeko. Trenaren, lurraldearen eta herri borondatearen defentsaren aldeko adierazpen instituzionalak tren sozialaren aldeko aldarria egiten du, eta AHTa garatzea saihesteko jokabidea galdegin die gobernuei.
Gaur goizean aurkeztu dute agiria, Iruñean eta Gasteizen. Aldi berean, Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute, baita Espainiako Gobernuaren bi erkidego ordezkaritzetan ere.
Espainiako Gobernuak bi sareak lotzeko esku artean dituen Gasteizko nahiz Ezkioko aukeretakoren batean kaltetuko liratekeen udalerrietako udal ordezkariek babestu dute, maila pertsonalean, adierazpen instituzionala. Guztira, 22 alkate (eremuko guztizkoaren %73), 146 zinegotzi (%65) eta Arabako zein Nafarroako 40 kontzejuk.
Goierriren kasuan, sei udalerritako 33 hautetsik izenpetu dute adierazpena: Ataungo zazpi zinegotzik (alkatea barne), Lazkaoko seik, Olaberriko hiruk, Idiazabalgo zortzik (alkatea barne), Ormaiztegiko hiruk eta Beasaingo seik. Goierriko kasuan, EH Bildukoak dira 32 zinegotzi, bat Elkarrekin-Ezker Anitzekoa.
Hautetsien banakako atxikipenaz gain, udalak ere hasi dira adierazpena mozio modura udalbatzarretan lantzen. Idiazabalgo Udalbatzak, adibidez, ostegun honetan aho batez onartu eta bere egin zuen Trenaren Aldeko Adierazpena.
Tren sozialaren alde
Araban –foru aldundian ere aurkeztuko dute adierazpena– eta Nafarroan egin dute adierazpenen erregistroa, «zeren afektatuta dauden udalerrietan mugitu da adierazpena», azaldu dio egunkari honi Iñigo Lezak. Lotura Ezkiotik egingo balitz –dirudienez Gasteizkoak du Espainiako Gobernuarentzat lehentasun handiagoa–, udalerri batzuk gehiago kaltetuko lirateke Goierrin. «Irekita dago oraindik ere aukera hori, ez baitute erabaki oraindik konexioa nondik egingo duten», ohartarazi du Lezak.
Hala, sinatutako agiriko eskaeren arabera, lotunea gaur egun dauden trenbideen bidez gauzatzea eskatu dute hautetsiek. Hein berean, trenbide horiek hobetzeko eta egokitzeko galdegin dute, tren publiko eta sozialaren proposamenarekin bateragarri bihur dadin, eta tren guztiak –abiadura azkarrekoak barne–, handik zirkula dezaten.
AHTa garatzen jarraitzeko proiektuak errefusatu dituzte, eta «herri borondatearekiko errespetua» exijitu dute.
Tren publiko eta sozialaren alde, Altsasun (Nafarroa) manifestaziora deitu dute, bestetik, apirilaren 20rako.