Udaberria iragartzen duen lore eta landare azoka igandean da Seguran
Goierriko ekoizle ugarik jarriko dituzte postuak. Kontsumoaren inguruan hausnartzeko aitzakia izan da aurten azoka. Jende ugari espero dute igande goizean.
Udaberri kolorez jantziko da Segura igandean, 22. Lore eta Landare azokaren karietara. Lore, landare eta barazkien postuez gain, bertako artisauen postuak eta Euskal Herriko produktuak salgai jarriko dituztenenak ere izango dira, plazan, arboladian eta frontoi zaharrean sakabanatuta.
Lore eta landare azoka urtero gai baten inguruan hausnartzeko aitzakia izan ohi dute Seguran, Izarra Urdalleta alkateak adierazi duenez. Aurten, kontsumoa izan da aukeratutakoa, «lehen sektorea aldarrikapen betean» dagoen garai honekin bat eginda. Lehen sektorea eraldatzeko beharra «premiazkoa» dela dio Urdalletak, «klima aldaketagatik, gure inguruko baserritarrek bizi duten egoeragatik eta kontsumitzen dugunaren kalitateagatik. Dena lotuta dago, kate bat da».
Izan ere, lore eta landare azoka «lurrarekin lotutako» ekimena da. Lore eta landareez gain, «fruta arbolak eta haziak ere egoten dira. Bertako artisauen produktuak ere bai». Zeharka bada ere, bertakoa, 0 kilometroko produktuak goraipatzeko bitartekoa ere bada azoka, baita, «autonomo txiki horiei laguntzekoa» ere.
Ohiko formatu eta egitarauarekin antolatu dute 22. azoka hau ere. 10:00etan irekiko da, 15:00ak arte. Bitarte horretan, Kriseilu txistulari taldea arituko da herriko kaleak girotzen. Ohi bezala, 10:30etik 14:00etara Josu Osa adituak fruta arbolen txertaketaren inguruko azalpenak emango dizkio gerturatzen den orori.
Goierritarren presentzia
Hamaika ekoizlek jarriko dituzte aurten lore, landare eta barazki postuak, horietatik hiru goierritarrak: Aldatagoena lorategia (Segura), Haritz Urretabizkaia (Arama) eta Iñaki Azalza (Zaldibia).
Frontoi zaharrean egongo diren artisau postuetatik gehienak ere goierritarrak izango dira. Dozenatik gora dira, bederatzi bertakoak: Artizar (Ataun), ilustrazioak, laminak, poltsak…; Ehunduz jantziak (Gabiria), arropa; Fermin Goenaga (Zumarraga), sendabelarrak; Hazi eta Hezi (Ataun), oihalezko materialak; Ideia diseinuak (Zumarraga), ilustrazioak, kamisetak; Itsaste eskulanak (Zumarraga), ilustrazioak, albumak; Mari Eder (Idiazabal) kosmetika naturala; Pili Azpiazu (Gabiria), dekoraziorako kalabazak eta Sandra Madutxa (Ataun), arropak.
Gastronomiarekin lotuta, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako produktoreak jarriko dituzte postuak igandean. Goierritarren artean Julki (Beasain) gozoak eta Odio Baserria (Mutiloa) behi gazta ekologikoa eta Segurako Eugenio Elortzaren eztia; Ondarreko ardi gazta; Segurako talogileak eta Arbelargo ardi gazta.
Bertakoak eta kanpokoak
22 urte eta gero, Seguran guztiz errotuta dagoen azoka da udaberriko hau, «oso egun koloretsua izaten da, zain egoten gara», dio alkateak. Kanpotik ere jende asko gerturatu ohi da Segurara «hartuta dauka izena, eta jendeak badauka bertara etortzeko ohitura». Igandean da hortaz, hitzordua, Seguran.