Euskadiko xake txapelketa Legazpin jokatuko da apirilaren 3tik 7ra
Gaur aurkeztu dute antolaketaz arduratu diren Santikutz klubeko kideek. Agirre-etxeberrin egingo da, eta goi mailako xake jokalarik parte hartuko dute.
Legazpiko Santikutz xake klubak 40 urte betetzen ditu aurten, eta goitik ospatuko du urtemuga hori, Euskadiko Bakarkako 35. Xake Txapelketa Absolutoa Legazpira ekarrita, hain zuzen ere. Apirilaren 3tik 7ra bitartean jokatuko da Agirre-etxeberrin, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroko 24 xake jokalari onenen partaidetzarekin. Haurrentzako txapelketa bat ere jokatuko da, apirilaren 4an.
Agirre-etxeberrin bertan elkartu dira txapelketa aurkezteko Santikutzeko ordezkari Alberto Vesga, Patxi Imaz eta Asier Imaz, Erik Galvez alkatearekin eta Josu Galilea kirol zinegotziarekin batera.
Txapelketaren xehetasunak
Vesgak eman zituen txapelketaren xehetasunak. Zazpi partida izango dira guztira: apirilaren 3an 17:00etan, apirilaren 4an 10:00etan eta 17:00etan, apirilaren 5ean 17:00etan, apirilaren 6an 10:00etan eta 17:00etan, eta apirilaren 7an, igandea, 10:00etan. Partiden iraupenari dagokionez, Santikutz klubeko ordezkariak azaldu du jokalari bakoitzak ordu eta erdi izango duela, eta egiten duen mugimendu bakoitzeko 30 segundo gehiago. “Beraz, gerta daiteke partidak lau ordutik gorakoak izatea”.
Partidak internetez emango dira, baina jolakariak jokatzen ari direnean, Agirre-etxeberriko ateak irekita egongo dira edonorentzat.
Haurren txapelketa apirilaren 4an jokatuko da, 10:00etatik aurrera, hori ere Agirre-etxeberrin.
Txapelketa girotzeko, bestalde, 32 xake pieza erraldoi jarriko dituzte Legazpiko hainbat eraikin publikotan eta komertziotan aurreko egunetan, “herritarrek jakin dezaten txapelketa hau gure herriko kirolarentzako eta kulturarentzako maila handiko ekitaldia izango dela”.
Santikutz Xake elkarteak Xakeko Euskal Federazioaren eta Legazpiko Udalaren laguntza jaso du txapelketa antolatzeko, eta honako babesle hauena ere bai: Attiko, Sustrai Frutak, Urdangarin burdindegia, Katilu eta Aitxuri jatetxeak, Ogiberri Kale Nagusia eta Lenbur Fundazioa.
Jokalari onenak
“Maila handiko txapelketa” izango dela ere azaldu du Vesgak aurkezpenean, eta partaide nabarmenenak aipatu ditu. Horien artean daude xakeko maila gorenean dauden hiru Maixu Handi: Donostiako Gros Xake Taldeko Paul Velten; Bizkaiko Sestao klubeko Salvador del Rio, 2018ko Espainiako txapelduna; eta Mikel Huerga nafarra, bi alditan Euskadiko txapelduna izandakoa.
Maisu Handien ondoren, Nazioarteko Maisuak daude, Gros taldekoak, eta horietako batzuk ere izango dira Legazpin Euskadiko txapelketan: Santiago Gonzalez, Euskadiko txapelduna sei aldiz; Iñigo Argandoña, gaurko txapelduna; eta 202ko Euskal Ligako jokalari onena den Unai Garbisu. Xakeko
Xakeko hirugarren maila adierazten duen FIDE titulua duten jokalariak ere izango dira lehian, Bizkaiko Sergio Trigo, David Becerra, David Martinez eta Alain Prieto.
Hiru gazte ere nabarmendu ditu Vesgak: Alex Odriozola, Aimar Alvarez eta Oier Sarasketa. Gaztea da, baita ere, herriko klubeko 40 urteko ibilbidean jokalari onena izan den Markel Vesga; hori ere txapelketan izango da.
Emakumeen artean, azkenik, erkidegoko jokalari onenak izango dira Legazpin: Miriam Parkhurst mexikarra eta Katerina Grigorchuk ukrainarra.
Santikutz xake taldea, 40 urte
Aurten 40 betetzen ditu Santikutz xake taldeak. 1984ko urtarrilean sortu zuen Ricardo Burguera buru zuten gazte talde batek, “horrela Legazpiko herritar askori xakea praktikatzeko aukera emanez”. Lehenengo talde hark 14 urteko iraupena izan zuen, 1998ra arte. Baina 10 urteko etenaldiaren ondoren, Patxi Imazek gidatutako zaletu talde batek berpiztu zuen kluba 2008an, eta ordutik gaur egunera arte aktiboan egon da, gaurko talde indartsua osatzeraino.
Antolatzaileek bideo bat kaleratu dute txapelketa sustatzeko. Gorka Gomez da egilea: