Zegamak UEMAko kide izatea erabaki du
Martxoaren 14ko osoko bilkuran onartu zuen erabakia Zegamako udalbatzak. Euskaldunen profila “aldatzen” ari da Zegaman. UEMAren batzar nagusian, maiatzaren 18an, onartuko dute Zegamaren eskaera.
Bi udal gehiago izango ditu laster UEMAk, udalerri euskaldunen mankomunitateak. Izan ere, mankomunitateko kide izatea erabaki dute Zegamako eta Lakuntzako (Nafarroa) Udalek. Zegamako udalbatzak martxoaren 14an egindako osoko bilkuran hartu zuen erabakia, EH Bilduren eta Zegama Lantzenen zinegotzi guztien aldeko botoekin. Zegama eta Lakuntza gehituta, 109 udal izango ditu UEMAk. Guztien artean 345.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
Zegamaren kasuan, euskararen ezagutza eta erabilera altuak dira. Arnasgunea da Zegama, baina aldatzen ari da euskaldunen profila, eta beheraka ari da euskara lehen hizkuntza duten herritarren ehunekoa. Horrek gero isla du erabileran ere, eta batez ere beheraka ari da etxeko erabilera. Iker Zubeldia alkatearen hitzetan, “ezagutza ez doa beherantz Zegaman, baina bai lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren portzentajea, eta gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik”.
Batzar nagusia, Lesakan
Maiatzaren 18an Udalerri Euskaldunen Eguna izango da Lesakan, egun osoko egitarau oparoarekin. Tartean, goizean, UEMAren batzar nagusia ere izango da, eta mankomunitateak orduan onartuko ditu Lakuntzako eta Zegamako udalen eskaerak. Ofizialki, beraz, egun horretatik aurrera izango dira UEMAko kide.