Ampo Ordiziak 18 eta 30 galdu du Altamiran, Pozueloren aurka
Atzo jokatu zuen Ampo Ordiziak liga erregularreko bigarren itzuliko hirugarren partida. Bigarren itzulia amaitzeko bi partiden faltan, B multzoko laugarren postuan daude, playoff-etako postuetatik puntu batera.
Ampo Ordiziak ezin izan du garaipena eskuratu etxean. Atzo Altamira estadioan jokatu zuten liga erregularreko bigarren multzoko hirugarren partida, Pozuelo Rugby Union-en aurka, eta 18 eta 30 galdu zuten. Ia uneoro atzetik joan ziren markagailuan, eta partida erdialdean gertu egon ziren arren, azkenerako aurrea hartu zuen aurkariak. Eguraldia lagun, zale ugari gerturatu ziren Altamirara taldea animatzera. Iker Irribarria pilotari ohiak egin zuen ohorezko sakea, eta kamiseta eman zioten oroigarri gisa.
Pozuelo jarri zen aurretik lehen minutuetan zigor kolpe batekin. Beste birekin aurretik jarri zen Ampo Ordizia (6-3), baina entsegua egin eta transformatu zuen aurkariak (6-10), eta hortik aurrera atzetik joan zen etxeko taldea partida amaierara arte. Atsedenalditik bueltan, bi zigor kolpe egin zituen Pozuelok jarraian (6-16). Goierritarrek aldea laburtu zuten transformatutako entsegu batekin (13-16), baina beste bat jaso zuten bueltan (13-23). Azken minutuetan beste entsegu bat egin zuen Ampo Ordiziak (18-23), eta jarraian markagailua itxi zuen entsegua egin eta transformatu zuen Pozuelok (18-30).
Bi partida falta dira bigarren itzulia amaitzeko. Ampo Ordizia B multzoko laugarren postuan dago, 24 punturekin, playoff-etako postuetatik (B multzoko lehen biak), puntu batera. Pozuelok jarraitzen du jaitsiera postuan (azken postuan), 18 punturekin. Apirilaren 6an jokatuko du Ampo Ordiziak azken aurreko partida, aurrea hartu duen Complutense Cisnerosen (B multzoko liderra da, 29 punturekin) aurka, Madrilen.
Argazkiak: Carlos Mediavilla