Apalategi Beka 10. urtemugan
Atauni buruzko ikerketa egiteko beka deialdia zabaldu du udalak, 10.000 euroko funtsez .Giza eta gizarte zientzietako edozein arlotan garatu liteke. Proiektua maiatzerako lehenerako aurkeztu behar da.
Joxemartin Apalategi Begiristain antropologoaren (Ataun, 1949–Bilbo, 2006) izeneko eta omeneko beka deialdia egin dute, Ataunen. Apalategiren familiak eta Ataungo Udalak 2014an sinatu zuten ikerkuntzara bideratutako ekimenaren ituna, eta, hamargarren urteurrenean, Atauni buruzko edozein gairen peskizan, 2024ko bekaren oinarriak atera dituzte.
Batetik, Apalategi zenaren ikerlana ezagutarazi, herriratu eta gizarteratu nahi du bekak. Bestetik, ikertzaileei aukera berriak ireki eta Ataun objektu duen ikerkuntza bultzatu. Hala, «Ataun ardatz hartzen duen edozein gairi buruzkoa» izan daiteke bekarekin lagundutako ikerketa.
Giza eta gizarte zientzietako edozein arlotan zein diziplinartean burutu daiteke: antropologia, arteak, ekonomia, komunikazioa, hezkuntza, historia, hizkuntza eta literatura, politika eta administrazioa, psikologia, soziologia, zuzenbidea… Bakarka edo taldean aurkez daiteke.
Bekaren funts ekonomikoa 10.000 eurokoa da. Hiru alditan ordainduko diote bekadunari.
Aurkezteko epe-agiriak
Ikerketa beka lortu nahi duten ikertzaileek, eskabide-orria beteta aurkeztu behar dute, ikerketaren gutxienez bost orrialdeko txosten edo proiektu azalpen batekin batera: izenburua, ikerlanaren gaia, helburuak, metodologia, baliabideak, kronograma eta bibliografia zehaztuko dira.
Bi eskakizun horiek maiatzaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira, Ataungo udaletxean. Behin bekaduna izendatutakoan, gutxienera 100 orrialdeko lana osatu beharko du.
Epaimahaia udalaren bi ordezkarik (alderdi bakoitzeko bana) eta familiako bi ordezkarik osatuko dute.