Bittor Altube eta Aitor Ugarte, Osinalde sariko azken bi finalistak
26. Argi Berri Saria jokatu zen larunbatean. Entzuleen saria ere Altubek irabazi zuen. Aner Peritz, Maddi Aiestaran, Aitor Tatiegi, Eki Mateorena, Bittor Altube eta Aitor Ugarte ariko dira kantuan apirilaren 6an Gabiriako Osinalde elkartean.
52. Osinalde sariko hirugarren eta azken kanporaketa eta 26. Argi Berri Saria jokatu ziren larunbatean Ordiziako Argi Berri elkartean. Bittor Altube abadiñarra eta Aitor Ugarte aramaioarra izan ziren epaileen iritziz saioko bertsolaririk onenak. Hala, bi bertsolari horiek izango dira Gabiriako Osinalde elkartean apirilaren 6an jokatuko den finalean kantuan. Entzuleen saria ere Bittor Altuberentzat izan zen eta berak jaso zuen Patxi Arrospide Argi Berri Elkarteko presidentearen eskutik Anton Mendizabal eskultoreak egindako Txikia oroigarria.
Altuberekin eta Ugarterekin batera, Aroa Arrizubieta gasteiztarra, Maide Garmendia zaldibiarra, Haizea Arana eskoriatzarra eta Irantzu Idoate hazparnearra aritu ziren kantuan 26. Argi Berri Sarian. Denek Lazkao Txikiren pasadizoak jasotzen dituen Irriz eta malkoz bi tomoak jaso zituzten presidentearen eskutik. Aurkezle lanak Igor Egurenek egin zituen, eta bertsolariek Iker eta Ekhi Irribarria anaia trikitilarien laguntza izan zuten bertsoak botatzeko. Epaileak, berriz, Maite Sukia, Martin Aramendi eta Mikel Urteaga izan ziren.
Saioaren aurretik 45 bat lagun elkartu ziren afaltzeko, eta ondoren beste 20 bat lagun inguratu ziren saioa entzutera.
Sei finalistak izendatuta
Zaldibiako Osinberde saria izan zen Osinalde sariko lehenengo kanporaketa. Aner Peritz eta Maddi Aiestaran sailkatu ziren finalera. Bigarren kanporaketatik, Gabiriako Aztiri Saritik, berriz, Aitor Tatiegi eta Eki Mateorena sailkatu ziren. Hirugarren kanporaketako azken bi finalistak izendatuta, Aner Peritz, Maddi Aiestaran, Aitor Tatiegi, Eki Mateorena, Bittor Altube eta Aitor Ugarte ariko dira kantuan apirilaren 6an Gabiriako Osinalde elkartean izango den 52. Osinalde Sariko finalean.