Goi tentsioko lineekin alarma gorria piztu dute Goierriko herrietan
Tentsio oso altuko hiru proiektu gehiago daude, gaur egun, egikaritzeko asmotan. Autopista Elektrikorik Ez plataformak "alarma gorria" piztu du, eta ostiralean elkarretaratzeak egin zituzten eragina izango luketen herrietan.
Goierriko zenbait herritako plazetan Goi tentsioko lineari ez. Herri bizien alde elkarretaratzeak egin zituzten, ostiral arratsean, Autopista Elektrikorik Ez plataformak eta udalek deituta. Gaur egun, eskualdea zeharkatuko luketen hiru proiektu daudela mahai gainean ohartarazi dute: Forestalia enpresak bi egitasmo ditu, Kyoko eta Tebe izenekoak, eta REE Red Electrica de Españak Itsaso eta Castejon lotzeko 400 kilowattekoa.
Dorreak kokatzeko lur sailak berenganatzeko, enpresa horiek saiakeran hasi direla ere jakinarazi du plataformak, jabeak limurtuz; prezio jaitsieren beldurragatik tentazioan ez erortzeko aholkatu dute. Desjabetze prozesuen eta prezio justuaren ezarpenen prozedurak esplikatu zituzten, besteak beste, ostiraleko bilkuretan. Bien bitartean, lehen unetik eskainitakoarekin ez adosteko gomendatu diete herritarrei.
Goi tentsioko proiektuek, berriz, gizarte mailan, ingurumenean edo paisaian eragingo lituzketen «kalte onartezinengatik» eta eskualdearen etorkizuneko garapenarekin «bateraezinak» direla salatu dute.