Alex Izagirre da Legazpiko ehiza txapeldun berria
Herri mailako txapelketa Katta Gorri elkarteak antolatuta jokatu zen larunbatean Zanbranako barrutian. Antolatzaileak gustura geratu dira partaidetzarekin, batez ere ehiztari berrienarekin.
Alex Izagirrek irabazi du Katta Gorri elkarteak antolatutako Legazpiko 23. ehiza txapelketa. Joan den larunbatean jokatu zen, Zanbranako barrutian (Araba), 21 ehiztariren partaidetzarekin. Ekaitz Viana bigarren geratu zen, eta Ander Intxausti, hirugarrena, Ehiztari beteranoen artean, Miguel Angel Zubizarreta izan zen garailea, eta atzetik sailkatu ziren Mesie eta Lonbide.
Katta Gorri elkarteak antolatzen duen herri mailako 23. ehiza txapelketa da, eta antolaketa lanean parte hartu dutenak oso gustura daude emaitzarekin, batez ere partaidetzarekin. “21 partaide izan dira guztira, zenbaki polita da, eta ehiztari horien artean aurpegi berriak ikusi izana nabarmendu behar dugu. Giro bikaina izan genuen, gainera”. Katta Gorrik antolatutakoa izan arren, elkartetik kanpoko ehiztariek ere parte hartzen dute, “irekitzen ari da pixkanaka, eta hori oso positiboa da”. Aste Santuaren bezperan egin da aurten txapelketa, eta horren ondorioz betiko partaideren bat edo beste faltatu dela ere azaldu dute.
Txapelketa jokatu ondoren, elkartean bertan bildu ziren partaideak bazkatzeko, eta ondoren mus txapelketa jokatu zuten. “Giro bikaina izan genuen eguna amaitzeko”.