Euskal Harrotze Astea aurkeztu du EHE-k Legazpiko Gaztetxean
Apirilaren 22tik 28ra izango da. Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeko helburua izango du, euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztearekin eta indartzearekin batera.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduak Arrotze Astea antolatu du apirilaren 22tik 28ra bitarterako, eta horren berri eman du Legazpiko Gaztetxean. “Euskadunok kolektiboki harrotzeko ekimen nazionala” da Harrotze Astea, eta Euskal Herriko bazter guztiak euskararen aldeko mezuz, pegatinaz eta margolanez betetzea du helburutzat.
Joan den larunbat goizaldeko Korrikaren iritsiera girotzeko, Legazpiko Gaztetxean hainbat ekintza antolatu zituzten bezperarako, eta horien barruan kokatzen da EHE mugimenduaren hitzaldia, eta horrek deitutako Harrotze Astearen aurkezpena. Hitzaldian, Intza Gurrutxaga eta Luken Etxabe aritu ziren deialdiaren arrazoiak eta helburuak azaltzen.
Helburuak eta proposatutako ekintzak
Harrotze Asteak hainbat helburu ditu, eta bat da “kaleak berreskuratzea eta euskararen aldeko borrokak piztea”. Gainera, “euskaldunon kontzientziak astintzea, .euskara eta euskaldunon aurkako zapalkuntzaren arduradunak eta konplizeak seinalatzea, Euskal Herri euskalduna aldarrikatzea, eta Euskararen Errepublikaren beharra sozializatzea” ere bilatzen du.
Hori guztia lortzeko, hainbat ekintza egitea proposatu du EHE-k: “Ezabaketak egitea, pegatinak itsastea, margoketak edo muralak egitea, elkarretaratzeak deitzea, desfile musikatuak edota ekintza sinbolikoak antolatzea, kultur ekitaldiak edo kirol txapelketak egitea…”. Eremu digitalean jardutea ere proposatu du, eta horretarako, #EuskarazTaHarro traola erabiltzeko eskatu dute.
Harrotze Astea “euskaltzaleok elkarrekin ahalduntzeko, indartzeko, ilusionatzeko, harrotzeko deialdi ireki bat” da.
Harrotze Astean parte hartu edo ekimenaren inguruko informazio gehiago jaso nahiko duenak, komunitatea@ehe.eus helbidera idatzi dezake.