Korosti Trail proba forma hartzen ari da
Urriaren 13an egingo da mendi lasterketa, Gorostiaga inguruan. Goierri Trail Koparako puntuagarria izango da.

Mendi lasterketak gustuko dituzten hainbat legazpiarrek herrian bertan antolatu dute proba bat. Korosti Trail izena jarri diote, eta urriaren 13an egingo da, Gorostiaga mendi inguruan. Iazko azaroan eman zuten lasterketaren berri, eta urria oraindik urruti geratzen bada ere, badoaz pixkanaka xehetasunak lotzen. Korosti Tail forma hartzen ari da.
Antolaketa taldean Mikel Salegi, Jon Lonbide, Andoni Etxaleku, Garikoitz Nuñez, Josu Ureta eta Mikel Bravo daude. Bravo izan ezik, gainerako guztiak dira mendi korrikalariak, Legazpiko beste hamabost-bat kirolarirekin batera. Kanpoan korrika ibiltzen ziren bezala, Legazpin ere egin nahi zuten. “Gehientsuenok izan dugu beti buruan herrian bertan korrika egin ahal izatea, Euskal Herria osoan eta Errioxan ere ibiltzen gara, eta zergatik ez etxean?”. Batzuk gutxi gorabeherako ibilbidea ere bazuten pentsatuta…
Iazko irailean elkartu zen talde eragilea, ideiari forma emateko, eta data ere jarri zuten, aurtengo urriaren 13a. Ordutik, etenik gabe ari dira lanean, “pauso txikiak ematen”. Urria urruti dagoela dirudi, “baina berehala dator”.
Urrian, denboraldia amaitzeko
Urria aukeratzeko arrazoien artean, mendi lasterketen denboraldia garai horretan amaitzea dago. “Lasterketa gehienak udaberrian izaten dira, eta asteburu batzuetan bi-hiru proba ere izaten dira batera, gainera ondo errotutakoak dira, korrikalari asko mugitzen dituztenak. Horregatik, zaila ikusten genuen leku bat egitea, eta pentsatu genuen udazkeneraino joatea. Urriaren 12 jaieguna da, aurten larunbata, eta zubirik izango ez denez, asteburu horretan sartzea erabaki genuen, udaratik tartetxo bat utzita”.
Lasterketen egutegian lekua izateaz gain, urriak abantaila gehiago ere ba omen ditu, “eguraldi edo paisaia aldetik garai diferentea da”, eta gainera, “Goierriko Kopa itxiko du, eta hemen erabakiko dira txapeldunak eta hemen banatuko dira sariak”, txapelketa horretako hamargarren eta azken lasterketa izango delako. “Gantxo hori daukagu”.
Ibilbidea, Gorostiaga inguruan
Korosti Trail lasterketa Gorostiaga edo Korosti mendi inguruan egingo da, “guretako Korostiko buelta da ohikoena, eta gainera mendi hori da Legazpi ko adierazgarriena”.
Goierriko Kopan sartu dutenez, bi proba izango ditu lasterketak. Batetik, luzeak 23 kilometroko luzera izango du, eta 2.300 metroko desnibela, eta motzak, 14-bat kilometro eta 800 metroko desnibela. “Oraindik ez ditugu ofizial egin ibilbideak, baina gutxi gorabehera prestatuta ditugu. Bi probek Euskal Herria plazan izango dute irteera eta helmuga, eta “Korosti inguruko punta denak igaroko dituzte, Jentiletxe, Oregi, Arrano, Arrolamendi… Kontua zen toki polit denak, edo gehienak ukitzea bai proba luzean, bai motzean”.
Lasterketa baino gehiago
Korosti Trailaren antolatzaileek mendi lasterkarientzako proba baino zerbait gehiago izatea nahi dute urriaren 13ko hitzordua, “korrikalarien familiakoek, lagunek eta herritar guztiak festa moduko batean murgiltzea nahi dugu, eta plaza festa gune bihurtuko dugu, musikarekin, postu batzuekin… Aurretik ere ekintzak egin nahi ditugu, edo hitzaldiren bat, proiekzioren bat. Baditugu ideia batzuk”.
Partaideei eta partaideekin etorriko direnei begira, bestalde, lanean hasita daude aparkalekuak edo lo egiteko lekuak bilatzen, lasterketara bakarrik etorri ez daitezen, “eta bezperan etorri eta hemen afaldu, hemen lo egin, goizean gosaldu…”.
Hori guztia egiteko “dirua behar da”, eta alde horretatik udalaren laguntza jasoko dute, eta babesle bila hasita daude. Lehen lasterketa izanik, zailtasunik ez da faltako horretarako. “Zerotik hasi gara. Gu boluntarioak besterik ez gara, ez dugu ezer irabazi behar, guk nahi duguna da gure lana gure eta gainerakoen gozamenerako izatea”. Boluntario gehiago ere beharko dituzte, “lasterketa sozializatzea deitzen zaio horri, gu sei gara, baina laguntzaileak beharko ditugu”. Hain zuzen, era askotako laguntzaileak behar dituzte: “ekonomiko lagunduko duten enpresak, egunean bertan boluntario gisa bidegurutzeak egiten edo anoa postuetan egongo direnak…”.
Legazpi mendiko lasterketen munduan sartuko duen Korosti Trail proba aurrera eramaten lagundu nahi duenak, 677 151 148 telefono zenbakira deitu dezake, edo mezu bat bidali info@korostitrail.eus helbidera. Webgunea ere sortzen ari dira, eta laster izango da erabilgarri: www.korostitrail.eus.