Korrikari eta CAFeko Euskara Batzordeari babesa adierazi die Enpresa Batzordeak
Palestinarekin Elkartasuna plataformako hainbat kidek egindako ekintza, "Korrikaren eta langileen aurkako ekintza bat dela" salatu du CAFeko Enpresa Batzordeak.
Beasaingo CAFeko Enpresa Batzordeak «elkartasun eta babes osoa» adierazi dio CAFeko Euskara Batzordeari, bigarren honek, larunbatean, Korrikako bere kilometroa egiten zuen bitartean, Israelen aurkako zenbait ekintzailek egin zuten «erasoaren» aurrean. Korrikako antolatzaile eta laguntzaileei ere adierazi diete babesa.
Korrikako 2382 kilometroan, Beasaingo Ezkiaga etorbidean, hartu zuen CAF enpresako Euskara Batzordeak euskararen lekukoa, CAFeko Enpresa Batzordeko ordezkarien eskutik. Aurtengoan, euskara ikasten ari diren langileak goraipatu nahi izan ditu CAFeko Euskara Batzordeak, eta horregatik, atzerriko jatorria duten eta euskara ikasteko hautua egin duen langile batek hartu zuen lekukoa.
Ordiziarekin mugan baina, CAF genozidioaren konplizea, Palestinarekin elkartasuna idatzita zuen pankarta bat sartu zuen pertsona talde batek, Korrikaren furgonetaren eta lekukoa zeraman taldearen artean. Zuzeneko emisioan ikusi ahal izan zen moduan, hori gertatu bezain pronto, peto moreekin jantzitako Korrikako antolakuntzako kideek, CAFeko euskara batzordekoei lekua egin zieten. Korrika hasi aurretik beti gogorazten dute: «Aldarrikapen oro ongietorria da, baina korrikako kartel nagusiaren atzetik izan beharko da».
Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak izan ziren «boikotaren» egileak, eta larunbatean bertan eman zituzten ekintzaren inguruko azalpenak, sare sozialen bidez. «Palestinar herriaren hiltzaileekin kolaboratzeak eragiten dizkion milioika eurotako mozkinen parte bat, euskararekin bere irudia zuritzera bideratzen du CAFek. Honen adierazle da CAF-Elhuyar sarietan trenbide enpresa honek inbertitzen duen dirua edota Korrikan duen parte-hartzea. Horrenbestez, eta palestinar herria bizitzen ari den salbuespenezko genozidio egoera honen aurrean, CAF konpainiaren kilometroa boikota egitea erabaki dugu, Euskal Herrian sionismoarekin dauden konplizitate guztiak etetea helburu dugulako».
Erasoa salatu eta langileei babesa
Horren aurrean, CAFeko Enpresa Batzordeak, ekintza gertatu zen unean lekukoa zeramatenei eta Korrikako antolatzaile eta laguntzaileei «elkartasuna eta babes osoa» adierazi diete. Gogoratu dute, Korrikaren ibilbide osoan ehunka aldarrikapen egin direla, «baino betiere lekukoa daramaten norbanako eta eragileak errespetatuz, hauek edozein direlarik ere». Uste dute, «eraso hau ez dela CAFen aurkako boikot bat, zuzenean langileei eta Korrikari eraso egitea dela baizik».
Gainera, argitu nahi izan dute, «Euskara Batzordeak ez duela enpresa ordezkatzen, euskaraz lan egitearen alde lanean ari diren CAFeko langileak ordezkatzen dituela», beraz, batzorde honen aurkako edozein eraso, «langileen eta euskararen aurkako eraso bat dela». Enpresa Batzordeak «euskararen aldeko konpromiso irmoa» ere adierazi du.
Bestalde, «palestinar herriari elkartasuna» ere adierazi dute, eta CAFeko zuzendaritzak Jerusalemgo tranbiaren ekoizpenean duen ardura salatu dute berriro, «langileek ez dutelako kolonialismo israeldarrerako tresna den garraiobide honen konplize izan nahi».