Arrano Kulturak 40 urteko ibilbidea ospatuko du apirilean
Apirilaren 10etik 20ra denetariko ekintzak antolatu dituzte; pote filosofikoa, hitzaldia, sukaldaritza tailerra, horma-irudi margoketa, pala eta pilota partidak, herri arteko herri kirol desafioa, eta borobiltzeko, bazkari musikatua.
Arrano Kulturak 40. urteurrena ospatzeko, ekintza sorta antolatu du Pazko Aste ondorenerako. Denetariko ekintzak izango dira. Apirilaren 10ean emango diote hasiera, 40 urteko hegaldia lemapean eta apirilaren 20ra arte luzatuko da.
Zergatik eta zertarako euskaldun gaur? galderaren bueltan hausnartzen hasiko dira, apirilaren 10erako antolatu duten pote filosofikoan. Idurre Eskisabel eta Edurne Azkarate izango dira gonbidatuak.
Apilriaren 16rako, 40 urteko hegaldia…Nondik gatoz? izenburupean hitzaldia egingo dute Jone Goirizelaiak eta Tasio Erkiziak.
Sukaldaritza tailerra ere antolatu dute, Iker Markinez sukaldariarekin. Apirilaren 17an izango da hori.
Hurrengo egunean, apirilak 18, pilota jaialdia izango da, Gernika pasealekuko frontoian.
Apirilaren 19an, berriz, urteurrenaren inguruko horma-irudia margotuko dute, Bernedoeneara bideko tunelean.
Eta apirilaren 20a, data handia izango da. Egun osorako egitaraua antolatu dute. Herri kirol erronka jokatuko da goizean zehar, lazkaotarren, ordiziarren eta beasaindarren artean. Triki-poteoa egingo dute eguerdi partean, eta ondoren, herri bazkaria izango da. Apirilaren 5ean jarriko dituzte bazkarirako tiketak salgai, Arranon, Irizarren, Antzizarren eta Basakanan, 20 euroan. Eguna borobiltzeko, pilota eta pala partidak izango dira, Gernika pasealekuko pilotalekuan, arratsaldean.