Goierriko parketxeetan ere eskaintza zabala antolatu dute
Aste Santuko zein Pazko Asteko opor egunetarako ekintzak prestatu dituzte. Herritarrei zuzendutakoez gain, familiei eskainitako hainbat saio ere badira.
Gipuzkoako Parketxe Sareak Aste Santurako eta Pazko Asterako egitarau berezia antolatu du. Horien artean, Goierrin dauden Aizkorri-Aratz parke naturaleko Anduetza parketxeak eta Aralarko parketxeak ere jarduera eskaintza zabala prestatu dute egun hauetarako.
Aizkorri-Aratz natur parkearen oinetara dagoen Zegamako Anduentza parketxean, Zuhaitzekin hizketan izeneko bisita gidatuak antolatu dituzte, adibidez, gaurtik martxoaren 31ra. Beranduago, apirilaren 6an, gaueko hegazti harraparien inguruko saioan parte hartzeko aukera izango da, Nerea Pagaldai adituarekin batera. «Misterio zaleentzako» ibilaldia egingo dute «gautxori hauen kantu eta banakoen xerkan».
Apirilaren 7an, San Adriango Leizarrate igarobideak «mende luzez pilatu eta zaindu dituen altxorrak ezagutzeko» ibilaldi gidatua dago; euskarazko zein gaztelaniazko azalpenekin.
Aralarko parketxeak, bere aldetik, Ataungo Barandiaran museoan bisita gidatuak antolatu ditu gaurtik igandera bitartean. Barandiaran museoa Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago. Museoan, Barandiaranen bizitzaz eta obraz gain, XV. mendeko errota bisitatzeko aukera ere badago. Gainera, familientzako euskal mitologian oinarritutako orientazio jolasak ere badaude aukeran.
Aurrez izena eman behar da
Lazkaomendiko Iztueta esnetegi baserrira bisita gidatua ere egin daiteke, larunbatean. Bertako abereak, ukuilua eta esnetegiak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Amaitzeko, igandean, Ataungo Lareo alboan dagoen kobazuloan, zailtasunik gabeko espeleologia esperientzia bizitzeko aukera egongo da, lur azpiko paisaia bereziak ezagutuz.
Ekintza hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako eta ekintza bakoitzari dagozkion xehetasunak argitzeko 943 80 21 87 (Anduetza), 943 180335 (Aralar) deitu edo gipuzkoanatura.eus web gunean kontsulta egin daiteke.