Euskal Herriko Itzuliak Goierri zeharkatuko du apirilaren 3an
Ezpeletatik Altsasurako bidean, Otsaurten behera Lizarrustira egingo du sartu-irtena. 40 kilometro dituzte eskualdean. Bost goierritarrek parte har dezakete.
Euskal Herriko 63. Itzuliak 40,7 kilometro osatuko ditu Goierrin, datorren apirilaren 3an, asteazkenarekin. Etapa hasierarik eta bukaerarik ez, baina eskualdeko bi mendate historikotan igaroko da UCIren World Tour mailako karrera gorena. Ezpeleta-Altsasu 3. etapan izango da.
Mendeurreneko Itzulia –1924an izan zuen lehenengo ekitaldia– Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, astelehenean, 10 kilometroko erlojupekoan. Biharamunean, aspaldiko partez, Ipar Euskal Herrian etapa bukatu (Irun-Kanbo, 160 km), eta asteazkenean bisitatuko du Goierri Itzuliak. 190,9 kilometrorekin etapa luzeena, eta sei mendaterekin gogorrenetarikoa izango da Ezpeleta-Altsasu.
Goierrira Otsaurtetik sartuko da (131. kilometroa), apirilaren 3ko 15:55 inguruan, Altsasuko igarobidean esprint berezia jokatu ostean. Zegamara jaitsi, Segura eta Idiazabal pasatu, eta Ihurretik gora Olaberria igoko dute, 3. mailako puntuagarria. Lazkaora jaitsi, Ataun osoa luzetara zeharkatu, eta Lizarrustiko mendatea igota (2.maila) irtengo da (172.kilometroa); handik Altsasuko (Nafarroa) helmugara 18 kilometro besterik ez dauzkate, Sakanako lautadetan.
Antzeztokiz ez ezik, antzezlez ere ordezkaritza oparoa izango den itxura guztia dauka Goierrik. Bost txirrindulari goierritarrek parte har dezakete: Gorka eta Jon Izagirre anaia ormaiztegiarrek (Cofidis), Alex Aranburu ezkiotarrak (Movistar), Xabier Berasategi olaberritarrak eta Xabier Isasa urretxuarrak (Euskaltel-Euskadi).
Hiru beteranoen kasuan, ziurtzat jo daiteke. Euskaltelekoen kasuan, aldiz, aurre-aukeraketako zerrendan daude, taldeak ez baititu behin betiko txirrindularien izenak ziurtatu oraindik.
‘Itzuliko gizona’
Jon Izagirre ormaiztegiarra Itzuliko gizona da, inor bada. 2019an irabazi egin zuen, eta podiumeko koska guztiak zapaldua da, sei urtetan (hamargarren Itzulia du aurten): garaile behin, bigarren beste behin, eta hirugarren lau aldiz egindakoa da, azkenekoa iaz. Bi etapa garaipen ere baditu.
Geldialdi luze samar batetik iritsiko da Irungo irteera-marrara. Paris-Niza itzulia martxoaren 10ean bukatu zuenez gero, ez da lehiatu. Su moteleko prestakuntza darama, udako helburu handiei begira. Cofidisen taldeburu etorriko da, ordea.
Gorka Izagirre anaia bezalaxe, Nizatik lehiatu gabe dago. Tropeleko beteranoenetakoa da, baita Itzulikoa ere. 2009an debutatu zuen, Ataunen hasi zen hartan. Azken etapan erretiratu behar izan zuen, baita 2012ko hurrengo partaidetzan ere. Postu xumeak egin ditu, bai sailkapen nagusian, bai etapetan (posturik onena, 2018ko apirilaren 3an, 3. postua du, Zarautz-Bermeo etapan). Baina 11. aldiz aterako da Itzulian, eta anaiarentzat luxuzko ezkutaria izango da.
Jon Izagirrek parte hartu duen bederatzi Itzulietatik seitan podiuma zapaldu du
Alex Aranburu ezkiotarra galoi eta guzti itzuliko da. Movistarren taldeburu berragertuko da tropelean. Zorigaiztoko denboraldi hasiera izan zuen, Mallorcako challengeko hirugarren proban erori, eta eskuin lepauztaia hautsita. Urtarrilaren 27an izan zen hori, eta bi hilabeteko errekuperazioa gainditu behar izan du, Itzulira heltzeko.
Berriro hastea izango da Aranbururentzat, baina bere arma zorrotzenetakoa da leherkor hastea: Mallorcan, adibidez, 3. eta 4. postuak lortu zituen urteko aurreneko bi lasterketetan. Seigarren Itzulia du aurtengoa, eta etapa garaipen bat dauka (2021ean, Zalla-Sestao).
Goierritar jatorriko Markel Beloki gasteiztarra –Joseba Beloki lazkaotarraren semea– ere debutari izango da Itzulian, Education First taldean.
Berasategi eta Isasa, bidean
Itzulirako aurre-hautatuen zerrendan dauden beste bi goierritar Xabier Berasategi olaberritarra eta Xabier Isasa urretxuarra (Euskaltel-Euskadi) dira. Ez dakite oraindik benetan parte hartuko duen ala ez, baina fundazioak atzo Bilbon jakinarazi zuen hamabi txirrindulariko hautagai zerrenda murriztuan daude. «Aurre-hautaketa soilik da oraindik, segurtasunik batere ez dago zeinek parte hartuko dugun», esan dio Berasategik egunkari honi. Indurain probaren ondoren, larunbatean, jakinaraziko diete eurei ere.
Biek ala biek, lehenbiziko aukera lukete Euskal Herriko Itzulian, profesionaletako estreinako urtea iaz osatu ondoren.
Ezpeleta-Altsasu (apirilak 3)
- 12:43. Irteera Ezpeletan
- 12:55. Otsondo gaina
- 14:09. Usategieta gaina
- 14:23. Uitzi gaina
- 14:46. Zuarrarrate gaina
- 15:39. Altsasu (esprint berezia)
- 15:55. Otsaurteko gaina
- 16:06. Zegama
- 16:21. Ihurre (mendate hasiera)
- 16:23. Olaberriko gaina
- 16:26. Lazkao
- 16:31. Ataun San Martin
- 16:36. Ataun San Gregorio
- 16:38. Ataun Ergoiena
- 16:41. Kaxeta (mendate hasiera)
- 16:50. Lizarrustiko gaina
- 17:02. Etxarri Aranatz (esprinta)
- 17:16. Altsasu (helmuga)