Iaz ere gora egin zuen errenta aitorpena euskaraz egiteko hautuak
Errenta aitorpena euskaraz egitera dei egiteko kanpaina aurkeztu dute Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko udalek elkarrekin. 2010etik antolatzen dute kanpaina.
Errenta aitorpena euskaraz egitera deitu dituzte herritarrak aurten ere Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko udalek. Gaur aurkeztu dute 2023ko Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz! kanpaina, Ordiziako udaletxean. Urtetik urtera gora egin du errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarren kopuruak, baita iaz ere.
2010az geroztik antolatzen dute hiru udalek kanpaina elkarlanean, kopurua handitzeko helburuarekin. Azken 13 urteetan, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen ehunekoa nabarmen igo da. Ordizian, %8,29tik %23,82ra igo da, Beasainen %8,37tik %22,18ra, eta Lazkaon %15,52tik %32,19ra. Urtero zertxobait handituz joan da kopurua, urte bakarrean Lazkaon izan ezik, 2016tik 2017ra %27,88tik %27,47ra jaitsi baitzen. Gainontzean, gora egin du.
2021etik 2022ra, %21,60tik %22,18ra pasa da Beasainen, %23,80tik %23,82ra Ordizian, eta %31,27tik %32,19ra Lazkaon. Gaur egun, hala, hiru herrietatik Lazkaok dauka kopururik altuena, baina hasierako ehunekoak kontuan hartuta, hiru herrietan paretsu handitu da kopurua.
Gipuzkoan, 2024aren hasieran, 92.173 herritarrek daukate aukeratuta euskara Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanetarako hizkuntza gisa.
“Pauso erraz bat”
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Mariola Pascual Beasaingo Udaleko Herritarrak arloko buruak eta Kepa Zubizarrain Lazkaoko alkateak eman dute kanpainaren berri aurkezpenean. Ezenarrok, hiru udalerrien izenean, herritarrak gonbidatu ditu errenta aitorpena euskaraz egitera, “pauso erraz bat emanez euskarari sekulako bultzada eman” diezaioketela azalduta: “Aukera badugu euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte inertziaz, ohituragatik edo utzikeriaz gaztelaniaz egin badugu ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin dezakegu”.
Errenta aurkezpena aurkezteko epea apirilaren 16tik uztailaren 1era luzatuko da bulegoan. Hiru bide daude eta guztietan euskaraz egiteko aukera dago.
- Autolikidazioa. Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz edo internetez, euskaraz egin nahi dela esan eta Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko ditu aurrerantzean. Onartzeko epea apirilaren 8tik uztailaren 1era luzatuko da.
- Mekanizatua. Hitzordua hartzerakoan Ogasunarekin ahozko zein idatzizko harremanak euskaraz nahi direla esan. Hitzordua eskatzeko epea apirilaren 12tik ekainaren 7ra luzatuko da.
- Internetez. Zergabidea atarian, programa euskaraz deskargatu eta euskara hobetsi hizkuntza atalean. Erakunde batean eginez gero, euskaraz egiteko eskatu. Internetez egiteko epea apirilaren 11tik uztailaren 1era arte da.