Kulturaz gozatzeko aukera berriak Goierrin Gertu programari esker
Gertu Kultura Gipuzkoa aurkeztu dute gaur goizean Zumalakarregin. Eskualdeko bederatzi herrietako ordezkariek parte hartu dute topaketan. Kultur eskaintza egoera zaurgarrian daudenei gerturatzea du helburu.
Irabazi asmorik gabeko Gertu Kultura erakundeak Gertu Kultura Gipuzkoa programa Goierrin ezagutzera emateko topaketa egin du Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Zumarraga, Urretxu, Ezkio, Ormaiztegi, Beasain, Lazkao, Idiazabal, Segura eta Zegamako kultur teknikariek hartu dute parte gaur goizeko aurkezpen saioan.
Gertu Kulturak —Apropa Cultura jatorrizko deituran— Katalunian du bere jatorria eta Marta Font zuzendariak egin die programaren aurkezpena gaur, Goierriko kultur teknikariei. Fontek adierazi duenez, Gertu Kultura «zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazteko» aparteko kultur eskaintza da.
Gertu Kultura Gipuzkoa ezaugarri anitzeko pertsona multzoari zuzenduta dago. Kultura gizarteko kolektibo ezberdinei gerturatzea du xede eta horretarako ikuskizun eta jarduera kultural sorta zabala eskaintzen du, arrazoizko prezioan era gizarte bazterketa egoeran dauden edo desgaitasuna duten pertsonak aintzat hartuta.
2023ko azaroan hasi zuen bere ibilia programak Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, eta La Caixa Fundazioaren eta Orona eta Irizar enpresen lankidetzari esker. Hilabeteetako lanaren ondotik, proiektua Gipuzkoa guztira zabaltzea da orain, helburua eta atzo Goierriko eragileekin egindako topaketa izan da lehendabiziko urratsa.
Goierriko ordezkaritza
Gipuzkoako 15 kultura programatzaile eta 20 gizarte erakunde daude gaurkoz Gertu Kulturako sarera atxikita, hala nola, Donostiako Orfeoia, Chillida Leku, Musikene, Kursaal edo Cristobal Balenciaga museoa, besteak beste. Goierrik ere badu ordezkaritza sare honetan, hasieratik partaide baitira Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa, Ezkioko Igartubeiti baserri museoa eta Zeraingo museoa, Larraondo zerrategia eta Aizpeako meatze multzoa.
Kultura aldaketa sozial eta indibidualaren eragile bada, kulturarako sarbidea errealitate izan behar da gizartearentzat orokorrean. Gaurtik errealitate hori gertuago dago Goierrin.