Mariren jaitsierako ekitaldian 340 dantzarirentzat lekua egongo da
Beasaingo Loinatz jaien hasierako ekitaldiaren ikusgarritasuna zaintzeagatik eta denen segurtasunagatik hartu dute neurria. Entseguetan parte hartzea lehenetsiko dute
Beasaingo Loinatz jaien hasierako ikurra bihurtu den Mariren jaitsieran berrikuntzak iragarri dituzte Udalak eta ekitaldiaren antolakuntza taldean dauden Arrano Kulturak, Loinatz abesbatzak, Aurtzaka taldeak eta antzerki taldeak. Batik bat, ekitaldiak erakartzen duen jendetzarekin lotuta daude neurriok. Hain zuzen ere, plazan dantza egingo duten pertsonen kopurua mugatu egingo dute, ekitaldiaren ikusgarritasunagatik eta bertaratzen diren guztien segurtasunagatik. 340 dantzarirentzat izango da tokia.
Loinatz jaiei hasiera ematen dien ekitaldiak 34 urte beteko ditu, eta ezbairik gabe, ekitaldi arrakastatsu eta jendetsuena bilakatu da. «Festa lehertzen den une honek, dantza, musika, antzerkia eta tradizioa biltzen ditu ikuskizun bakarrean. Beasaindarrentzat eta bereziki gazteenentzat, hutsik egin ezin daiteken hitzordua da», Leire Artola alkateak nabarmendu duenez.
Urtez urte, arrakasta handituz joan da. Artolak berak azaldu duen moduan, «alde on asko ekarri ditu, baina baita ere hain onak ez direnak ere». Azken hauen zergatiak aztertu eta ekitaldiaren ikusgarritasunaren hobe beharrez, hainbat neurri hartu dituzte. Batetik, dantzarien kopurua mugatu egingo da. Denera, 340 dantzarik parte hartuko dute plazako eremuan: 40 oholtza gainean (2007 urtean jaiotakoak); eta 300, oholtzaren inguruan.
Entseguetan parte hartuko dutenek izango dute lehentasuna, eta zapi berezi bat banatuko zaie. Hiru entsegu egingo dira; apirilaren 26an eta maiatzaren 3an, kiroldegian, 19:00etan, eta entsegu nagusia, maiatzaren 10ean, plazan, 20:00etan.
Dena den, egunean bertan dantza egitera animatzen direnek ere aukera izango dute. Zubimuzu plazan izango da hauentzat eremua.