Ezpata zarata eta ipuin kontalariak, Legazpin
Erdi Aroko azoka egiten ari dira Legazpin asteburuan. Artisau produktuen azokaz gain, hainbat ikuskizun daude: borrokak, ipuin kontalariak eta musika emanaldiak, kasu
Legazpiko Kale Nagusia ardatz kronologiko bat da: karrikak dituen ia 300 metroetan Legazpiko une historiko garrantzitsuen datak daude markatuta; 1290. urtean hasten da ardatza, Legazpiri egindako lehen aipua ordukoa delako, Erdi Aro bete-betean. Justu, asteburu honetan Erdi Aroko azoka egiten ari dira lehen aldiz eta gaurko eguna hasteko kalejira egin dute hainbat parte-hartzailek Kale Nagusiraren punta batetik Euskal Herria plazaraino.
Desfilean egindako bidea bezala, Erdi Aroa Aro Garaikideraino ekarri du azokak. Askotariko artisauen hirurogei postu daude eta iraganeko aisialdi eskaintza berreskuratu dute, legazpiarren gozagarrirako. Esaterako, Amalurra ipuin-kontalari bizkaitarrak garai bateko istorioak kontatuko ditu: Dragoiak, izaki mitologikoak eta fantasia nahasten ditu. “Beti, baloreak transmititzeko helburuarekin”, esan du. “Irakaslea naiz eta antzerkian ibiltzen nintzen. Ikusi nuen antzerkia baloreak transmititzeko oso tresna egokia zela. 15 urte daramatzat jada herri herri”, gaineratu du. Integrazioa, ingurumenaren zaintza, berditasuna… halako mezuak txertatzen ditu gizartean ipuinen bidez.
Legazpin, gainera, bere azken liburua aurkeztuko du: Belatzek dantzari izan nahi du. Datozen egunetan jarriko duela salgai iragarri du. Hirugarren lana ere bidean dela gaineratu du.
Gustura dago Legazpin, jendearen erantzuna ona izan delako. Atzo izan zen azokaren lehen eguna eta jendetza elkartu zen. “Nerabe ugari gerturatu zen nire ipuinak entzutea. Pozgarria da”, azpimarratu zuen.
Borrokak ere izango dira, Euskal Herriko, Espainiako eta Galiziako zaldun talde baten eskutik.”Gogorra da, baina polita ere bai”, kontatu du batek. “Armadurak burdinezkoak dira eta 30 kilo inguru pisatzen dute, Gainera, erosoagoak izateko esponjak erabiltzen ditugu eta horrek bero sentsazioa handitu egiten du”, azaldu dute. Buruak ere estalita eramaten dituzte, goitik beheraino. Segurtasun guztia behar dute, dena den, benetako ezpatekin aritzen direlako: “Profight edo Erdi Aroko borroka historikoa kirol modalitate bat da. Gehienok esgrima eta estiloko kiroletatik gatoz”, aipatu dute. Harrigarria da ezpatek elkarren aurka jotzean egiten duten zarata, baita ere burdin jantziek mugimenduarekin egiten dutena.
Erdi Aroko azoka honetan Ilintik ere parte hartuko du. Okasiorako apaintzeaz gain, postuak ere jarriko dituzte hainbat merkatarik. Halaber, postu horetan gastatutako 10 euroko, haurren gunean izango diren atrakzio ekologikoetan ibiltzeko txartel bat emango dute opari. Bihar bukatuko da azoka.