EH Bilduk Ataungo mitinean «lasai» daudela aitortu du
EH Bilduko Laida Begiristain izan da gaurkoan Ataunen, hauteskunde kanpainaren baitan emandako mitinean. Osasungintza, etxebizitza, politika egiteko moduak zein gizarte politika publikoak izan dituzte hizpide.

Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeetako kanpaina aurrera doa eta alderdi guztiak herriz herri dabiltza haien proposamen politikoa herritarrei mahaingaineratzen. Gaurkoan EH Bilduren txanda izan da Ataunen. San Gregorioko plazan elkartu dira, batzuk oinez joan dira Aia auzotik bertaraino. Laida Begiristain izan da gaurkoan hitza hartu duena Ataunen. Lazkaon bizi den ataundarra da bera eta EH Bilduren Gipuzkoako zerrendetan 16.doa hauteskunde hauetan. Ataungo alkate den Martin Aramendi izan da ekitaldiaren dinamizazioaz arduratu dena. Mitinera 50 ataundar inguru gerturatu dira guztira.
Mitinari hasiera emateko Maixa Goikoetxeak eta Maria Imazek hitz egin dute, sarrera gisa. “Aldaketa da orain” lemapean ari da egiten aurtengo Legebiltzarreko Hauteskundeetako kanpaina EH Bildu alderdia eta aldaketa horren nondik norakoez aritu dira sarrera hontan. Aipatu dutenaren arabera, aldaketa «herri honetan bizitzeko moduak birpentsatzea eta horretarako zein ekonomia behar dugun zehaztea; lemari eustea; eskuz esku aritzea eta horretarako espazio eta denborei eustea eta finean, lidergoa berritzea» dela aipatu dute; baita «gazteek honetan paaper aktiboa» izan behar dutela azpimarratu ere. Horrez gain, «etorkizun hobea» lortu dezaketela sinesten dutela diote eta gizarte mugimenduetako egungo zenbait gertakizun zein mugimendu izan dituzte gogoan, egungo testuingurura iristeko «ezinbesteko faktore» gisa azalduz, hala nola, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra edota Pentsionisten mugimendua, besteak beste.
Ondoren, mitinari hasiera eman diote Martin Aramendiren gidaritzapean. Hasteko, atzo EH Bilduk Tolosan egindako ekitaldian jaso zuten «babesa» eta «indarra» azpimarratu ditu Aramendik. Behin kanpaina erdia pasa den honetan zer moduz dabilen galdetu dio Begiristaini, ea nola uztartzen duen Maizpideko zuzendaritza eta politikagintza eta zein sentsaziorekin daraman hauteskunde hauetarako kanpaina. Batzarkideak zein legebiltzarreko zerrendetako guztiak gogoratuz hasi du bere hitzartzea eta «eskerrak» eman dizkio Ataungo EH Bilduko komunitateari, «herrigintzatik eta udalgintzatik» egiten duten lanagatik. Oso egun «intentsoak» izaten ari direla aipatzen du eta egun «monotonoak» izaten direla kanpainakoak. Iluntzean hurrengo egunekoak errepasatzen dituela eta bere eguna antolatzen duela dio. Ondoren, Maizpiden bere lanaldia egin ostean herriz herri ibiltzen da, mitinetan. Hala ere, «plazerra» dela herri bakoitzera joan eta «ilusioa eta esperantzarako aldaketa» ikustea bertan dio eta horrek berari ere «indarra» ematen diola berandu oheratu eta hurrengo egunean ere hurrengo kanpaina egunari ekiteko.
«Politika egiteko modua»
Jarraian, Aramendik EH Bilduren politika nolakoa izango den agintera iritsiz gero galdetu dio. Begiristainek zorrotz erantzun du, «goxotasuna eta gertutasuna» ematen duela EH Bilduk eta «eguneroko kezkei aurre egiteko» tresna gisa azaltzen dute. «Herritarrei entzun, diagnostikoak egin, beharrak identifikatu eta hauei irtenbidea ematen» saiatzen dira eta bide hori «herritarrekin» egitea dela haien politika egiteko modua azaldu du, ez dutelako beste modu batean ulertzen politika «herriaren eskutik» ez bada. «Garden jokatzea eta modu kolaboratiboan» ezinbestekotzat jotzen dutela dio Begiristainek. «Konpromiso askorekin» aurkeztu direla hauteskunde hauetara dio, 140 orriko programa osatuta eta bertan jasotzen diren 420 konpromisorekin.
Osasungintza
Aramendik azaldu du inkesten arabera herritarren egungo «kezkarik nabarmenena osasungintza arloan» dagoela eta honen inguruan alderdiak duen proposamenaren inguruan galdetu dio Begiristaini. EH Bilduk argi ikusten duela «oker hartutako erabaki politikoen ondorioa» dela osasungintzaren egungo egoera dio, baita herritarren segurtasuna arriskuan jarri dela ere. Beraz, hau esanda, egoera «aldatze aldera» alderdiak Osakidetza «zutik jartzeko» proposamen bat du egina eta bertan jasotzen diren zenbait «neurri« aipatu ditu: itxaron-zerrendak murriztea, langileria %10ean handitzea, lehen arreta indartzea eta osasun mentalaren arloa artikulatzea eta gorpuztea, besteak beste. Hala ere, gobernatzen duenak gobernatzen duela aldaketa ez dela «egun batetik bestera» etorriko dio eta hau «prozesu bat» izango dela.
Gizarte politika publikoak
«Zaintza sistema publiko eta komunitario» baten beharra azpimarratu du batez ere Begiristainek arlo honetan. Zaintza arloa «parametro duinetara» eramatea ezinbestekotzat hartuz. Horrez gain, «zaintzearen eta zaindua izateko eskubidearen» inguruan aritu da, hau gizarte «justu eta duin» baten erdigune gisa jarriz. Bestalde, familia politiketan «neurriak hartzea» ezinbestekoa dela aipatzen du Begiristainek. Neurri horien artean «kontziliazio neurrietarako prestazioak eta laguntzak sustatzea, kontziliaziorako lan eta hezkuntza arloko ordutegiak malgutzea, herritarrentzako espazio publiko gehiago sortzea eta egoera zaurgarrian dauden familientzat laguntzak areagotzea» aipatu ditu besteak beste. Ondoren, Pentsionisten mugimenduari «aitortza» egin nahi izan dio Begiristainek eta haiek «gutxieneko pentsio hori jasotzeko konprmezua» hartzen duela EH Bilduk dio.
Etxebizitza
Aramendik aipatu du hauteskundeetan «zentralitate handia» hartzen ari den gaia dela etxebizitzarena eta honen inguruan EH Bilduk proposatzen duenaren inguruan galdetu du. Laida Begiristainek argi erantzun dio gaur egun emantzipatzeko adinean dauden gazteentzat «ezinezkoa» dela etxebizitza bat alokatzea eta are gehiago erostea eta hori «errealitate» bat dela. Horrez gain, ezin dituztela «horretara kondenatu» aipatzen du eta gazteek zein egoera zaurgarrian dauden pertsonek eta famliek etxebizitza eskubidea «bermatua» izan behar dutela dio, hau EH Bildurentzat lehentasuntzat jarriz. Begiristainek dio 2015eko etxebizitza legeari «garapen integrala ematea» oso garrantzitsua dela eta iada sortuta dauden tresnak «martxan jarri» behar direla. Horrez gain, etxebizitzaren auziari irtenbidea emateko proposatzen dituzten neurrien artean «alokairuan dauden etxebizitzen parkea handitzea, alokairuan dauden etxebizitza pribatuen prezioei mugak jartzea eta espazio publiko eta komunitarioak sustatzea» aipatu dira batez ere.
Estatus politikoa
«Estatus politiko berri bat» aipatu du gaurko mitinean Laida Begiristainek. Madrilen hau aurkeztu behar dutela, baina hau «herri gisa» egitea ezinbestekoa dela dio. «Herri gisa hartu behar direla gure herriaren inguruko erabakiak» aipatu du.
Amaitzeko, «herritarren ongizatea dela lehentasunezko kontua eta hauengandik gertu egotea» ezinbestekoa dela azpimarratu du berriro. Bestalde, ataundarrei eskerrak eman dizkiete eta aitortza egin die gazteei, «prest daudela eta nahi dutela politikan subjetu aktibo izan erakusten ari direla» baitio Begiristainek, eta atzo «sekulako indar erakustaldia» egin zutela Tolosako ekitaldian dio. Helduagoei ere egin diete eskertza, «gaur egungo zenbait eskubide eta askatasun ezinezkoak izango liratekeelako haiek gabe» aipatu duenaren arabera. Azkenik, «azken bultzada» eman nahi izan die herritarrei. «Lasai daudela» aitortu du eta ez dutela zalantzarik «emaitza historikoak» izango direla hauteskunde hauetan eskuratutakoak. Horrez gain, «prest daudela aldaketarako eta orain dela unea» esanez eman dio itxiera.