Enirio-Aralarko Mankomunitatearen oharra apirilaren 7ko sutearen harira
"Kontrolatu gabeko sute horiek berezkoa duten arrisku eta kalteaz gain, ingurune eta baliabide naturalean, bertan egon litezkeen aziendetan eta mendian dabilen pertsonengan ere, ondare publikoarekiko errespetu falta adierazten" duela adierazi du Mankomunitateak.
Enirio-Aralarko Mankomunitateak ohar bat zabaldu du bere webgunean apirilaren 7an Aralarren izandako sutearen harira. “Kezkaz eta arduraz” agertu da Mankomunitatea, eta adierazi du “kontrolatu gabeko sute horiek berezkoa duten arrisku eta kalteaz gain, ingurune eta baliabide naturalean, bertan egon litezkeen aziendetan eta mendian dabilen pertsonengan ere, ondare publikoarekiko errespetu falta adierazten” duela.
Hau da hitzez hitz Mankomunitateak adierazi duena:
“Joan den igandeko arratsaldean, apirilak 7, otadi-sail batzuei sua eman zieten Aralarren, Etizegi-Larraone inguruan. Ez da lehen aldia antzekoak gertatzen direla, tamalez, eta Enirio Aralarko Mankomunitateak kezkaz eta arduratuta ikusten ditu ekintza larri hauek.
Kontrolatu gabeko sute hauek berezkoa duten arrisku eta kalteaz gain, ingurune eta baliabide naturalean, bertan egon litezkeen aziendetan eta baita mendian ibil daitezkeen pertsonengan ere, guztion ondare publikoarekiko errespetu falta adierazten du. Ez da onargarria gutxi batzuen interes edo helburuetarako gehiengoaren kaltetan doazen praktikak aurrera eramatea.
Hau guztia kontuan izanik, mendian behin baino gehiagotan izaten ari diren gertakari hauen aurrean, Enirio-Aralarko Mankomunitateak, tokiko-administrazioa den aldetik, ekintza mota hauek ez errepikatzeko deia egiten du. Aldi berean, gertatutakoa ikertu eta arduradunak aurkitzeko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen du, eta helburu hori betetzeko, gainerako erakundeekin elkarlanerako borondate osoa agertzen du.”