Urretxuko Kotoi dendako Sandra Rodriguezek tailerra egingo du Zumalakarregi museoan
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak egile tailerrak antolatzen ditu kultura haurrei hurbiltzeko. Hurrengo saioa Ormaiztegiko Iriarte Erdiko baserriari (egun Zumalakarregi museoa) buruzkoa izango da. Eraikin historikoa da eta herriaren ondare. Saioan Urretxuko Kotoi dendako Sandra Rodriguezek parte hartuko du.
Haurrek eraikinaren marrazkia duten oihalezko poltsak egingo dituzte, Rodriguezen laguntzarekin. Tailerrak 5 euro balio du eta 6-12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Izena emateko, mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi behar da. Edozein zalantza izanez gero, 943 88 99 00 telefono zenbakira deitu daiteke.