Errebueltako errepublikazaleak
Errebueltako lehenengo festa egin dute asteburuan Itsason. 60 bat lagun bildu dira bazkaritara eta arrakastaz burutu dute festa eguna, Errepublikaren egunean. Apustua, urtero errepikatzea izango da.
Txantxa moduan hasi zen, baina serio heldu diote gaiari itsasoarrek. Auzolana eta festa egunak izan ohi dituzte elkartzeko aitzakia, berezko orografiagatik sakabanatuta bizi diren bizilagunek. Beheko auzoetakoak kexu ziren festara joateko beti gora mugitu beharraz, eta horri irtenbide bat emateko Errebueltako lehendabiziko festa antolatzea bururatu zitzaien. Igandean egin dute lehenengoa, arrakasta handiz.
Alegi auzotik Itsasorako bidean, Ibur zalditegia pasa eta dagoen lehendabiziko bihurgune handiari deitzen diote Errebuelta itsasoarrek. Joxe Ramon Eluzeberrik argitu duenez, ez da auzo bat bere horretan, baina inguruan hainbat baserri daude. San Bartolome jaietan atera zen gaia lehenengoz. Errebueltako bizilagunek aipatu zuten beti beraiek zirela festara joateko mugitu behar zutenak. Areago, auzoetara lanera bakarrik joaten zirelako ere kexu ziren, «broma moduan», esan du Eluzeberrik. Izan ere, bi auzolan egiten dituzte urtean Itsason, udaberrikoa – datorren larunbatean izango da aurtengoa– eta udazkenekoa. Festak auzoetan txandaka egitea izan zen orduan botatako proposamenetako bat, baina baten beharren, bi festa antolatzearenak arrakasta handiagoa izan zuen eztabaidara bildutakoen artean.
Bertakoa eta bertan egina
Eluzeberri bera ez da Errebueltakoa, baina bai, festa antolatzeko gogoz zeuden bizilagunetako bat , «garaia iritsi denean, aurten lehenengo aldiz, proba moduan behintzat antolatzera animatu ginen», kontatu du. «Erdi broman hasitako kontu bat nola izan den, jende askok ez zuen imajinatzen aurrera aterako zenik. Askok galdetu digute ea benetan ari ginen», esan du. Izan ere, txantxak txantxa, «apustua urtero errepikatzea» dela ziurtatu du Eluzeberrik.
Azkenean, auzolanean prestatu dute festa, eta «bizilagun asko» inplikatu da. Bazkaritara 60 bat lagun bildu ziren igandean. Menua bertakoa eta bertan egindakoa izan zen: ogia Itsasoko okinak egin zuen, oilaskoak ere berak erretakoak eta entsaladak inguruko baserrietatik ekarritako produktuekin eginak. Sagardoa, patxarana eta sagar zukua ere Itsasokoak bertakoak.
Bazkaldu aurretik, haurrentzako altxorraren bila jolasa antolatu zuten, eta helduek ere tokan eta tira goman aritzeko aukera izan zuten. Festa guztietan bezala, musikarik ere ez zen falta izan. Hori ere Itsasoko zigiluarekin: «Auzo horretan bada festetan eta musika jartzen duen DJ bat eta musika berak jarriko zuela esan zigun», azaldu du Eluzeberrik.
Errepublikaren eguna
Ez dute edonolako data aukeratu gainera: apirilaren 14a, Errepublika eguna. Eluzeberrik azaldu duenez, ez zuten eguna horregatik aukeratu propio, «hasieran beste data bat zehaztu genuen baina atzeratu egin zen, Aste Santuak tartean tokatu zirelako. Errepublika eguna egoki iruditu zitzaigun, aurrerantzean ere data zehazterakoan, erreferentzia gisa hartzeko».
Keinua ere egin zioten egun seinalatuari , eta Errepublikaren aldeko banderarik ez zen falta izan Errebueltako festan.