‘Gora Euskal Herrientsak’ saiakera grafikoa aurkeztuko du Asisko Urmenetak Beasainen
XX. mendearen lehen herenean Euskal Herrian euskaratik abiatutako hezkuntza sistema berezia bultzatu zuten maistrak izan ditu ardatz Asisko Urmenetak. Dom Campistron ilustratzaileak ere parte hartu du.
Gora Euskal Herrientsak saiakera ilustratuaren aurkezpen-solasaldia egingo du Asisko Urmenetak, asteazkenean, Beasaingo Igartza jauregian, 18:30ean. Dom Campistronekin batera, lau eskura ondutako lana da. XX. mendearen lehen herenean Euskal Herrian euskaratik abiatutako hezkuntza sistema berezia bultzatu zuten maistra eredugarriei buruzko lana da.
Hego Euskal Herrian, gehienbat, maisu eta maistra erabiltzen dira. Hor dago irakasle ere. Eta Iparraldean errient eta errientsa ere badaude. Hain zuzen ere, bost errientsa hartzen ditu Asiskok liburuaren ardatz: Kapitolina Buztintze Larrondo (Uxue, Nafarroa), Katalina Alastuei Goikoetxea (Iruñea), Malena Jauregiberri Erbin (Aloze, Zuberoa), Maritxu Olabe Uzin (Nevada, Ameriketako Estatu Batuak) eta Jule Fernandez Zabaleta (Iruñea, Nafarrioa).
«Erraldoi batzuk izan dira, duela 100 urteko erraldoiak, baina ez da hainbeste ikertu», deskribatu ditu egileak. «Bustintze, zaharrena da, eta XIX. mendean, eskola tratatu bat idatzi duen emakume bakarra da, abertzaletasunetik». Emakume hauengana inguratzeko saiakera egin du Asiskok, transmisio lana egiteko helburuz, historian arakatuz eta dokumentazio lan mardula egin ostean.
Hain zuzen ere, Buztintzeren eta Fernandezen arteko topaketa apokrifo baten bidez egiten da kontakizuna. «Nahi nuen garai bateko abertzaletasuna, buruz buru ezarri. Kapitolina zen Arturo Kanpion eta euskaroen garaikoa, abertzaletasun kulturaleko partaidea, alegia, eta Jule Fernandez, berriz, eferbeszentzia betean dagoen Sabino Aranaren abertzaletasunaren aldekoa zen».
Emakume hauekin mirestuta dago Urmeneta, eta zaila egiten zaio ulertzea, gaur egun oraindik, haien inguruko erreferentziak egiten duen gutxi aurkitzea. Euskaltzaleak, feministak, hezkuntza sisteman eragin zuten emakumeak dira.
Elkarlana
Dom Campistronekin (Aldude, Nafarroa Beherea, 1994) osatu du lana Asiskok. Euskal ilustratzaile grafiko eta marrazkilari feminista honek, ilustratzaile izateko prestakuntza Parisen eta Glasgown (Eskozia) garatu du.
Hain zuzen, Zabaleta Fernandezen 1924ko diskurtsoa ilustratu du Campistrolek. Administrazioarentzat Julia zuen izena, baina Jule deitzen zioten gehienek. Errientsa euskaldun berria zen, ez zuen etxean jaso euskara. XX. mendean, Iruñeko Udalaren laguntza eskuratu zuen Bartzelonara joateko, han Montessorirekin berarekin ikastaroa egiteko; Iruñeratu, eta lehenbiziko euskal eskola eratu zuen; Emakumearen etorkizuna mintzaldia eman zuen Donostian, feminismotik eta euskaraz.
Iazko Durangoko azokarako kaleratu zuen liburua mamitzen ahaleginduko da Asisko, «marrazkia lagun», eta bertaratzen direnen ekarpenekin. Irakurle taldetik ere aurkezpenera inguratzeko gonbita luzatu dute.