«Programa indartsua dugu, arazoei aurre egiteko»
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, PSE-EE alderdiaren Gipuzkoako zerrendan hamargarren postuan dago Alex Gonzalez (Urretxu, 2000). Urretxuko Udaleko zinegotzia da.
Urretxuarra zara.
Urretxun jaio nintzen, 2000. urtean, eta Grupo Santa Barbara auzoan bizi izan nintzen, bost urte bete nituen arte. Egun, Zumarragako Legazpi kalean bizi naiz.
Ze ikasketa egin dituzu?
Zumarragan ikasi nuen, lehenengo La Salle-Legazpi ikastetxean eta ondoren UGLEn. Batxilergoa bukatu nuenean, Leonera (Espainia) joan nintzen Biologia ikastera. Azkenik, Farmakologia masterra egin nuen Gasteizen eta Bilbon. Egun, Gasteizko i+Med laborategian lan egiten dut.
Politika umetatik gustatzen al zaizu?
Politika beti gustuko izan dut. Etxean ez genuen asko hitz egiten politikaz, baina bai gizarteko arazoez. Ez nekien ze alderdiren alde egin, baina argi nuen proposamen aurrerakoiak izango zituen alderdiren baten aldeko hautua egingo nuela. 15 bat urterekin egin nuen PSE-EEren aldeko hautua.
Norekin hitz egiten zenuen gizarteko arazoez?
Gehienbat, amarekin. Politikaz ere berarekin hitz egiten nuen. Eta egun ere berarekin hitz egiten dut, batez ere, gizarteaz eta politikaz. Dena den, ama gizarte gaiek kezkatzen dute, politikak baino gehiago. Ni afiliatu nintzen arte, ez genuen alderdi politikoei buruz hitz egin.
Zergatik egin zenuen PSE-EEren aldeko hautua?
Politika aurrerakoiekin identifikatzen nintzen. Alderdi aurrerakoiak dituzten alderdiak aztertu nituen eta nire ideiekin gehien bat zetorrena PSE-EE zela ikusi nuen. Oso argi eduki nuen.
Noiz afiliatu zinen?
19 urte nituenean. Gazte Sozialistetako kide izan zaitezke, baina ezin zara afiliatu 18 urte bete arte. Beti gizarteko arazoen inguruko kezka izan dudanez, konponbideak jarri behar direla uste dudanez eta politikaren bidez gizarte hobe bat lor daitekeela uste dudanez, afiliatzea erabaki nuen.
«Gure programaren oinarria pertsonen premiei erantzuna ematea da»
Zer egin zenuen alderdira gerturatzeko?
Internetez afiliatu nintzen, amaren laguntzarekin.
19 urteko gazte bat afiliatzea ez da ohikoena. 19 urteko herritar bat afiliatu zela ikusi bezain laster, PSE-EEren Urretxuko eta Zumarragako arduradunak zurekin harremanetan jarriko ziren.
Deitu egin zidaten, baina Leonen nengoen. Herrira itzuli nintzen lehen asteburuan, alderdiaren egoitzara joan nintzen. Bertan, arduradunekin hitz egin nuen.
Nork deitu zizun?
Nati Nieves antolakuntza idazkariak deitu zidan. Dagoeneko alderdiko kide gehienekin izan dut harremana. Izan ere, gehienak ezagunak nituen: Mikel Serrano kaletik ezagutzen nuen, Nerea Errastiren semea ni baino apur bat gazteagoa da eta berak ere La Salle-Legazpin ikasi zuen…
Zer aurkitu zenuen PSE-EEn?
Kanpoan ikasten nuenez, pixkanaka sartu nintzen alderdian. Oso ondo egokitu nintzen.
Iazko udal hauteskundeetan PSE-EEren hautagaia izan zinen Urretxun eta zinegotzia zara.
Leondik itzuli nintzenean, alderdian aktiboki lan egiten hasi nintzen. Nati Nievesek eta Nerea Errasti idazkari nagusiak zerrendaburu izatea eskaini zidaten. Ez nuen inongo zalantzarik izan. Parte hartzea erabakitzen baduzu, kontsekuente izan behar duzu. Dena den, azken urteotan hauteskunde bat hurrengoarekin kateatzen ari gara eta horrek egoera arrarotu egin du. Lanean hasi eta berehala apur bat gelditu beharra dugu hurrengo hauteskundeak prestatu beharra dagoelako. Dena den, oso pozik nago zinegotzi lanean. Izan ere, herriaren alde lan egiteko aukera ematen dit.
Orain, berriz, Euskal Legebiltzarrerako hautagaia zara. Nork eskaini zizun zerrendan joatea?
Nerea Errastik eta Nati Nievesek eskaini zidaten. Ondoren, Gipuzkoako egoitza nagusitik deitu zidaten hamargarren postuan joango nintzela esateko. Ilusio handia egiten dit, oso gaztea bainaiz.
Hamargarren postuan joanik, oso zaila duzu legebiltzarkide izatea. Etorkizunean gustatuko al litzaizuke?
Ikusiko da. Ez dago jakiterik zer gertatuko den, baina printzipioz alderdiak eskaintzen didan oro onartzeko prest dago.
Zeintzuk dira gizartearen erronkak eta zer eskaini nahi dio PSE-EEk gizarteari?
Gizarteak erronka asko ditu: Osakidetzaren arazoei konponbidea ematea, etxebizitza, hezkuntza, politika energetikoa, aldaketa klimatikoa… PSE-EEk horien inguruko kezka izan du beti eta egin dituen politikak erronka horiei aurre egiteko izan dira. Eta aurrerantzean ere PSE-EEren helburua erronka horiei aurrea egitea izango da. Programa indartsu bat dugu, arazo horiei aurre egiteko. Gure programaren oinarria pertsonen premiei erantzuna ematea da. Eneko Anduezak hori egiteko konpromisoa hartu du. Gure helburu nagusia gizartearen kezkei aurre egitea da. Programa indartsua, talde indartsua eta betiko konpromisoa ditugu.
Zergatik eman behar zaio botoa PSE-EEri?
Aipatutako horretaz guztiaz gain, PSE-EE aniztasuna defendatzen duen alderdia da. Ezberdinen arteko akordioak egiten dituen alderdia. Gizarteko arazoetan inplikatua dago eta herritar guztien eskubideak aldarrikatzen ditu. Gizarte politikak erdigunean ditugu beti. Eneko Andueza lehendakarigaiak aipatutako arazoei aurre egiteko eta entzuteko konpromisoa hartu du. Gizarteko arazoek kezkatzen bazaituzte, PSE-EE aukera onena da.
«Kanpainak gogo handiarekin hartu behar dira, ekitaldi asko izaten baititugu»
Nola doa kanpaina?
Kanpainak ilusionagarriak dira beti. Baina gogo handiarekin hartu behar dira, ekitaldi asko izaten baititugu.
Politika mutikotatik gustatzen zaizula esan duzu. Zein da gehien gustatzen zaizun politikaria?
Jose Luis Zapatero gustatu zait beti. Gaztea naizenez, ez dut politikari asko ezagutzeko aukera izan oraindik. Zapatero Espainiako gobernuko presidentea izan zen garaian oso gaztea nintzen, baina beti gustuko izan dut. Bere izaera eta bere politika egiteko modua gustukoa ditut. Gainera, bere aurrekoa Aznar izan zen eta aldaketa oso handia izan zen. Onerako, noski.
Zer esan zizuten gurasoek PSE-EEren aldeko hautua egin zenuela esan zenienean?
Politika beti gustuko izan dudanez, beraientzat ez zen sorpresa izan. 15 bat urterekin PSE-EE gustuko nuela esan nien eta ez zen sorpresa izan afiliatu nahi nuela esatea. Amak asko laguntzen dit.