Bertsolariak eta zientzialariak, hitzaldi bateratuan etzi Lazkaon
'Bertsozientzia: jakinduriek mundue erreko dau' lelopean, bertsolaritza eta zientzia uztartuko dituen hitzaldia antolatu dute Lemniskata Goierriko zientzia sareak eta EHUko Kultura Zientifikokoko Katedrak.
Bertsozientzia: jakinduriek mundue erreko dau lelopean, bertsolaritza eta zientzia uztartuko dituen hitzaldia antolatu dute Lemniskata Goierriko zientzia sareak eta EHUko Kultura Zientifikokoko Katedrak, Lazkaon. Ostiralean, 19:00etan hasita, Areria antzokian izango da.
Kike Amonarrizek aurkeztuta, Amaia Agirre eta Nerea Ibartzabal bertsolariek, eta Arturo Elosegi ekologoak, Itxaro Perez biokimikariak eta Josu Lopez-Gazpio kimikariak parte hartuko dute. Sarrera doan da.
Hiru ikertzaileek hitzaldi laburrak egingo dituzte, bakoitzari dagokion arloaz. Bertsolariek, berriz, zientzialariek garatutako gaiei botako dizkiete bertsoak.
Zientzia publiko zabalarengana modu samurrean eta erosoan iritsaraztea, eta, hain berea, bertsolaritza ere ohiko entzule ez direnengana eramateko dibulgazio saioa da Bertsozientzia.
Hiru gai
Elosegi EHUn Ekologia irakaslea da, eta Euskal erri(o)aren bilakaera. Iraganaren arrastoak etorkizuneko erronkak hitzaldia egingo du, Euskal Herriko ibaiak nola berreskuratu diren.
Itxaro Perez besasaindarra Erizaintza Graduko irakaslea da, eta zahartzaroa eta kirola lotuko ditu Zahartzaroan kirola ere ez dago soberan hitzaldian. Bizi aktiboari eusteko garrantziaz hitz egingo du.
Azkenik, Josu Lopez-Gazpio zientzia-dibulgatzaileak jaioberrien eraketa-prozesuarekin lotutako teoria bat plazaratuko du Zikoinaren Teoria: ezkutatu diguten egia atalean.
Aurkezpen bakoitzaren ondoren, Agirre eta Ibartzabal bertsolariek hitz neurtuetara ekarriko dituzte sortu dizkieten gogoetak, beti ere Kike Amonarrizek gidatutako solasaldian.