Junior mailako txirrindularitza onena, Ormaiztegin hasiko den Klasikoan
Bigarren urtez jarraian hasiko da Klasikoa Ormaiztegin. Nazioarteko UCI mailako txirrindulari onenak espero dira. Donostikoa Egia auzoan jokatu du bigarren eta azken etapa.
Nazioarteko junior mailako —UCI— txirrindulari onenak bilduko dituen Gipuzkoa Klasikoa jokatuko da asteburu honetan, bere 30. edizioan. Hirugarren urtez jarraian bi etapako proba antolatu du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak eta bigarren urtez, Ormaiztegin hasiko da lasterketa. Aurten iaz bezala, Donostiako Egia auzoan jokatuko da bigarren eta azken etapa. Gaur goizean egin dute Klasikoaren aurkezpena Ormaiztegiko Gizarte Etxean.
Atzora arte proba gauzatuko zenaren gaineko zalantza handiak egon badira ere, Trafiko Sailak Ormaiztegiko etapa antolatzeko baimena eman du azkenean. Abraham Olano lasterketako zuzendari orokorrak esan duenez, erabakiak «aldaketak» eragin ditu ibilbidean. Ibilbidea orokorrean, iazkoaren berdina izango den arren, «lasterketa neutralizatua izango da Ordiziara arte», N-1era irteteko jarritako eragozpenen ondorioz.
Guztira, «93 kilometroko ibilbidea» osatu beharko dute txirrindulariek larunbatean Ormaiztegin jokatuko den Irizar Sarian. Lau mendate menderatu beharko dituzte orotara, «Lierni bi aldiz, Gabiria eta Mandubia». Azken mendate hori «erabakigarria» izango da, Olanoren iritziz.
Europako junior mailako txirrindulari onenen parte hartzea espero da klasikoan. Iaz, muga goian jarri zuen antolakuntzak parte hartzeari dagokionean, eta aurten mailari eustea lortu dute. Nazioarteko 30 taldek hartuko dute parte guztira, «14 Euskal Herrikoak eta 17 nazioartekoak», zehaztu du, agerraldian aurkezle lanak egin dituen Jon Aizpurua kazetari ataundarrak. 186 txirrindulariren parte hartzea baieztatuta dago, «sei talde bakoitzeko». Tartean, «Nafarroako, Iparraldeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako selekzioek ere parte hartu dute», azpimarratu du.
Boluntarioen lana gogoan
Gipuzkoan maila honetako txirrindularitza proba bat antolatzeak duen garrantziari pisurik kendu gabe, «Gipuzkoako txirrindulariei Europako txirrindulari onenekin neurtzeko» aukera ematea da Klasikoaren helburu nagusietako bat Santi Osoro, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakariak esan duenez. «Gure maila non dagoen jakiteko eta non eragin behar dugun zehazteko baliagarriak dira maila honetako probak», gaineratu du.
Gaur goizeko agerraldian, larunbatean lanean arituko diren boluntarioak izan dituzte gogoan. Olanok zehaztutakoaren arabera, 110 lagun arituko dira bidegurutzeak zaintzeko lanetan, beste 18 loturako motorretan eta 15 ertzain, orotara.
Ormaiztegiko etaparen babesle nagusia izango da aurten ere Irizar enpresa. Koldo Mendizabal lehendakariak hartu du parte gaurko agerraldian eta herrian mota honetako ekintzak babesten jarraitzeko prestutasuna berretsi du. Bere txikian, maila honetako probek turismoan duten eragina ere azpimarratu du Goiturren izenean, Niko Osinalde lehendakariak.
Amaitzeko, Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak herriak txirrindularitzarekin duen harreman historikoa azpimarratu zuen eta Ormaiztegik maila honetako errepideko lasterketa bat «merezi» zuela esanez amaitu zuen agerraldia.