«Berehala erabaki nuen Segundo Galarza izango zela nire pertsonaia»
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren barruan ondutako ‘Hamarreko bitxia’ liburua aurkeztuko du Lutxo Egiak (Santander, Espainia, 1969), etzi, Segurako Botikaxaharren.
Geuretik Sortuak proiektuaren eskutik egonaldia egin zenuen Seguran orain urtebete.
Bi egonaldi egin nituen, lehenengoa iazko Pazko Astean, eta bigarrena, uztailean. Hamar egun egin nituen bertan guztira.
Dena den, Segurarekin harremana lehenagokoa duzu.
Segura ezagutzen nuen aurretik, Urbiara eta Aizkorri aldera askotan joandakoa naizelako. Bestalde, Bilbon bada Altxaporrue izeneko konpartsa bat eta Segurako bizilagun baten bitartez urte batzuk badira Iparra-Hegoan parte hartzen dutela. Nik harremana dut konpartsa honekin. Hortaz, Seguraren berri eduki banuen, baina ez nuen herria bere horretan ezagutzen.
Geuretik Sortuak proiektuaren barruan sortzaile bakoitzari ausaz herri bat egokitzen zaio. Zure kasuan Segura tokatu zitzaizun. Nola planteatu zenuen zuk Segurako egonaldia? Ba zenuen aldez aurretik zerbait pentsatuta?
Proiekturik gabeko proiektua aurkeztu nuen bekara. Egokituko zitzaidan herrira joan, bertan murgildu, bertakoak ezagutu eta ondo bidean hortik zerbait ateratzea zen asmoa. Segura egokitu zitzaidanean, Interneten informazio bila hasi nintzen, eta han agertu zitzaidan herriko seme bat, eta berehala bururatu zitzaidan hori izango zela nire pertsonaia. Oso garbi ikusi nuen.
«Bere txikian, Segundo Galarzaren istorioarekin ekarpena egin nahi diot Segurako herriari»
Segundo Galarza musikariaz ari zara.
Aurten hain zuzen, 100 urte beteko dira jaio zela. Txiripaz topatu nuen, eta bila ari nintzela Lisboan kale bat zuela jabetu nintzen. Ez dago datu handirik, baina berehala konturatu nintzen tipo berezi bat izan zela. Musikaria, konpositorea, interpretea… izan zen. Oso gazte zela joan zen Lisboara eta handik Afrikara —Angola, Mozambike, Hego Afrika—. Lisboara itzulita jazz estiloko orkestra handi bat sortu zuen 50eko hamarkadan. Enpresari batekin batera Monaco jatetxea ireki zuen, garaiko musikari, artista eta politikari zein aristokraten —Rainiero III.a Monakokoa eta Grace Kelly tartean— bilgune derrigorrezko bihurtu zena.
Ideia aurretik zehaztuta zenuen. Egonaldiek orduan, zertarako balio izan zizuten?
Seguran pertsonaia honi buruzko informazio gehiago biltzea zen asmoa. Jendearekin hitz egiten hasterakoan konturatu nintzen inork gutxik zekiela nor izan zen Segundo Galarza. Are, iruditzen zait jende gehiagok ezagutzen zuela haren aita —Jazinto Galarza—, txistulari ezaguna izandakoa. Pertsonaia ezezaguna izanik, istorioari misterio kutsua eman behar niola erabaki nuen.
Etzi Maddi Arozenarekin batera Seguran aurkeztuko duzun Hamarreko bitxia liburuan dagoen ipuinetako bat da Galarzaren istorioa jasotzen duena.
Bere txikian, Segundo Galarzaren istorioarekin ekarpena egin nahi diot Segurako herriari. Segurarrak animatu nahiko nituzke ostiraleko aurkezpenera (18:30, Botxikaxaharren). Solasaldi erakargarri bat antolatzen saiatuko gara. Oso eskertuta nago herriari.