Partaidetza marka jarrita jokatuko dira larunbatean Leharrei mendi lasterketak
Gabirian larunbatean jokatuko diren bi karreretan 275 lagunek parte hartuko dute. Irteera-orduak ordu erdi aurreratu dituzte; luzea 09:00etan eta motza 09:30ean. Leharrei Txikia ere badago.
Gabirian larunbatean jokatuko da 7. Leharrei mendi lasterketa, Goierriko Trail Koparako bosgarren proba puntuagarria. Bi korrikaldi izango dira: trail modalitateko luzea, 24 kilometrokoa eta 1.300 metroko desnibelduna; eta hirugarren aldiz jokatuko den esprint motako motza (15 km eta 800 metro desnibela).
Eskainitako dortsalak eta gehiago salduta dago. Inoizko korrikalari kopuru handiena irtengo da, 275 lagun guztira. Luzean 160 eta motzean 115 daude izena emanda. «Lehen aldiz dortsalak bi probetan agortu dira: motzekoak, izena ematetik 10 egunera, eta luzekoak hilabete baten faltan. Motzean 15 dortsal gehiago jarri ditugu, eta luzean 10 gehiago. Itxaron zerrendan zazpi-bat gehiago ere badaude», azaldu du Leharreiko antolakuntzako Iñaki Larrañagak.
Aldaketak
Irteeren orduak eta helmugako tokia aldatu behar izan dituzte, bestetik, larunbaterako. Ormaiztegin antolatutako juniorren nazioarteko txirrindulari lasterketa 12:30 aldera Gabiria gainetik igaroko denez, errepidea libre uzteko egin dituzte doikuntzak.
Hala, Leharrei luzekoak 09:00etan abiatuko dira Gabiriatik, eta motzekoak 09:30ean; ohi baino ordu erdi bat lehenago. Bestetik, helmuga marra plazan kokatuko dute, eta ez Ostatu aurrean. Learregiko azken aldapa igo ondoren, Txokotik gora udaletxe atzeko eskaileretatik iritsiko dira, azken metroetan.
Gainerakoan, ibilbideetan ez dago nobedaderik. Luzekoek Murgil, Trapalata, Aizaleku, Otañu eta Learregi igo beharko dituzte. Trapaletako igoeran, lokaztutakoan oso labainkor ipintzen den aldapa baten ordez, Pagoederretik gora beste pista batetik igoko dira.
Motzekoek Murgil, Aizaleku eta Learregi igoko dituzte.
Faborito ugari lehiarako
Trail karreran, gizonezkoetan lehia estua egongo dela espero da. Goierriko Kopa bikaina osatzen ari den Hodei Lujanbio, iaz motzean bigarren izan zen Asier Artola, hilaren 6an Kilimon Trail txikia irabazitako Imanol Intza edo Martin Diez segurarra dira izen batzuk. Nesketan, Irati Zubizarreta da faborito argia.
Motzean, Jon Rodriguez ordiziarra eta Maider Unanue aramarra dira partaide behinenak. Karrera bakoitzeko lehen hirurek izango dituzte sariak, eta Learregi azkarren igotzen dutenek Ternua berezia.