Azken aldian Legorretan azaldu diren pintaketekin "triste eta haserre" agertu da udala
Adierazpena argitaratu du Legorretako Udalak herri eskolan, kiroldegian eta Herri Antzokian agertu diren pintaketen harira: "Aniztasuna, errespetua, gorputz guztien onarpena eta guztiok aske izan gaitezen ezinbestekoak diren balioak zapuzte aldera egin dira".
Legorretako Udalak adierazpen bat kaleratu du gaur, azken asteetan herrian azaldu diren pintaketak salatzeko. “Haserre eta triste” agertu da ekintza horiekin, herrian lasai eta aske bizitzeko ematen diren pausoen aurkakoak direla azalduta. Herri ikastetxean, Herri Antzokian eta kiroldegian agertu dira. Pintaketak garbitzeko auzolana deitu du larunbaterako.
“Aniztasuna, elkarrekiko errespetua, gorputz guztien onarpena eta aske izateko ezinbestekoak diren balioak zapuzte aldera egin diren pintaketak direla” nabarmendu du udalak. Besteak beste, eskola inguruan aniztasunaren alde dagoen muraltxoa zapuztu dute, “berdin du koloreak”, “berdinak gara” edo “errespetatu denak” esaldiak ezabatuta, edo “gorputz guztiak maite ditugu”, “gorputz batzuk maite ditugu” esaldiagatik aldatuta. Udalaren hitzetan, “ez da kasualitatea eskolako ikasleek zein Aiuri talde feministak egindako lanketak izatea jomugan, kalte zuzena herriko haurren eta neska gazteengan egitea bilatzen dutelako”.
Legorretan “jatorria, azal kolorea, itxura fisikoa, maila soziala, desira sexualak edo generoa edozein izanda ere askatasunean bizitzea” helburu dute, eta horretarako udalak lanean jarraituko duela adierazi du, “herri anitza, errespetuzkoa, epaiketarik gabea eta ondorioz askea eraiki nahian”: “Denok Legorretan gure tokia izatea nahi dugu eta hori lortu arte lanean buru-belarri jarraituko dugu”.
Lanketa horren barruan kokatu dituzte orain arte egindako LGTBI+ protokoloa, eraso matxisten aurkako protokoloa, eragileekin egin diren eraso matxisten inguruko lanketak, neska gazteekin urtero egiten dituzten autodefentsa feminista tailerrak, haurrek errespetuan oinarritutako harremanak izateko egindako lanketak edo Aiuri talde feministarekin elkarlanean antolatutako ekintzak.
Garbitzeko deialdia
“Beharrezkotzat” jo du udalak aipatutako pintaketa horiek herritar guztien erantzuna jasotzea, “herri moduan gaitzesten dituela” adierazteko eta “gorrotozko ekintza horiei aurre egiteko”. Hori dela eta, larunbaterako auzolana deitu du, eta herritarrak eta eragileak animatu ditu elkarrekin pintaketak garbitzera. 10:00etan elkartuko dira, eskolako patioan.