Eragiyok koruak Valentin Larrearen bi ahots konposizio biziberrituko ditu igandean Gabirian
Euskal musikagile gorenen ahotserako sorkuntzak abestuko dituzte, tartean Larrearenak, haren obraren berreskurapen prozesuan. Igandean 12:15ean da kantaldia, Andre Mari elizan.
Astigarragako Eragiyok gizonezko koruak euskal musikagileen obrekin kantaldi-kontzertua egingo du, igandean, Gabirian. Andre Mari elizan izango da emanaldia, 12:15ean hasita.
Tartean, Valentin Larrea Iturbe konposatzaile gabiriarraren bi abesti abestuko dituzte. Izan ere, Larrearen obraren berreskurapen prozesuan, haren biloba Berazadi-Larrea sendikoen ekimenaren barruan antolatu du Eragiyoken kontzertua Gabiriako Udalak, udaberriko Kulturaldian.
Hala, Valentin Larreak abesbatzentzako sortu zituen bi lan aspaldiko partez entzun ahalko dira berriro: Eresiak –XX.mende hasierako Euskal Festetan saritua– eta Villancico al Niño Jesus.
Kontzertua osatzeko, Aldabe, Moreno, Aita Donostia, Gaintza, Aranburu, Sorozabal, Zapirain eta Olaizola autoreen konposizioak ere kantatuko dituzte. Ander Simalek zuzenduko du Eragiyok, eta Miren Gabirondo ariko da pianoan eta eskusoinuarekin.
Ahotserako ondarea
Larrearen sorkuntza askotarikoa eta aberatsa pixkana argira ekartzen ari da Berazadi-Larrea familia, 2019tik. Ahots konposizioen atala lantzen ari da orain Eragiyok, iaz hasita eta 2026ko Larrearen jaiotzaren 150. urteurrena betertzean duela. Iruñeko Orfeoiko kide izan zen Larrea, eta hainbat lan eskaini zizkion.
Eragiyok gizonezkoen ahots grabeen abesbatza 2018an sortu zuten, eta arreta berezia ipini diote euskal musikagile nagusiek sortutako folkloreari eta eliz musikari. Nazioarteko folklorea eta errepertorio lirikoa ere lantzen dituzte. Ehun obra baino gehiago dituzte beren kantu-zerrendan, eta bost urtean 60 emanaldi baino gehiago eskaini ditu, Euskal Herrian bezala atzerrian. Sariak ere baditu: 2018an, Errenterian Gipuzkoako Gabon Abesti Sariketan lehen saria, edo Bartzelonako 56. Kantu Koralaren Nazioarteko Lehiaketan lehenengo saria aipagarrienak.
Orain arte, Larrearen pianorako sorkuntzaren zati handi bat, eta hari orkestrarako beste zati bat berreskuratu dituzte, bai eskuizkribatutako partiturak transkribatuz, bai goi mailako musikariek interpretatuta kontzertuak emanez eta hiru diskotan jasoz.