Lazkaoko festa-aurrea eta festak ate joka dira
Apirilaren 26an hasiko dira ofizialki jaiak, baina ikuskizun ugari prestatu dituzte bihartik igandera bitarterako ere. Pilota, dantza, artisau azoka, ‘Bertsozientzia’ eta erraldoi topaketa egingo dira asteburu honetan.
Plazako agertoki handia muntatuta, barrakak jartzear, tabernak edari hornikuntzak biltegiratzen… Festa giroa iritsi da Lazkaora. Berez San Prudentzio jaiak apirilaren 26an hasiko dira, asteburu bakar batera murriztu baitituzte aurten. Baina, azken urte askoan ‘lehen asteburu’ izan den honetan ere, ostiraletik igandera ere hamaika ikuskizun eta ekitaldi izango dira.
Afizionatuen pilota jaialdia jokatuko da lehenbizi, ostiralean 17:00etan, plazako frontoian. Lehen partidan, Ados enpresako neskak ariko dira: Aranburu-Mujika eta Etxekolonea-Larramendi bikoteak. Jarraian, Lapke klubeko gizonezkoak: Ekhi Irribarria-Beñat Garmendia eta Beñat Zubizarreta-Ander Garmendia.
Bertsozientzia hitzaldi-bertso saioa izango da biharko bigarren ekitaldia, Arerian, 19:00etan. Hiru zientzialariren hitzaldiak eta bi bertsolariren saioak uztartuko dituzte.
Ohiko osagaiak
Beste urteetan ere egin izan diren ekitaldiak barreiatu dituzte asteburuan zehar, gainerakoan. Larunbatean, Lazkaoko 2. Artisau Azoka ospatuko da, 10:00etatik 15:00etara, plazako frontoiaren bueltan. 23 artisauk jarriko dituzte postuak. Heldu nahiz haurrentzat buztin, kokedama eta artile tailerrak ere emango dituzte; eta Ataungo Talogileak ere egongo dira, mokadu bat jan ahal izateko.
Zagupe aisialdi taldeak jokoak jarriko ditu (17:00), eta herriko esku pilota txapelketako finalaurreko bat jokatuko da (17:00).
Igandean, festa-aurreko asteburua osatzeko, jubilatuen ibilaldi neurtua (10:00) abiatu ondoren, buruhandien eta erraldoien 2. topaketa hasiko da, (11:00etan, Areria aurretik. Sei konpartsak parte hartuko dute: Asier Marcoren taldea (Tafalla), Besamotz konpartsa, eta Lazkaoko, Garesko, Legazpiko eta Errenteriako taldeak.
Oin Arin taldeak antolatuta, gazteen dantza topaketa izango da igande arratsean (18:00).
Plazako aparkalekua itxita
Barrakak muntatzen ostiralean (apirilak 19) hasiko dira, bestetik, Lazkaon. Hori dela eta, plazako aparkalekua itxi egingo dute, eta jaiak bukatu bitartean ezingo da han autorik aparkatu. Bihar 14:00etarako autoak ateratzeko eskatu die Udaltzaingoak jabeei.
Festen aurkezpen prentsaurrekoa atzo arratsaldean egin zuten, Lazkaoko udaletxean. Pregoilaria aurten Bakuntza taldea izango da, apirilaren 26 arratsean. Lazkaoko festa nagusiak apirilaren 26tik maiatzaren 1era ospatuko dira, eta Lazkaomendikoak ondoren, maiatzaren 3tik 5era, eta 11n.
SAN PRUDENTZIO JAIAK 2024 EGITARAUA