Shorinji kempoa, borroka baino artea
Angel Rodriguez beasaindarrak shorinji kempoa praktikatzen du duela 40 urte baino gehiago. Diziplina honetan nola eta zergatik hasi zen, GUSKE eskolaz eta shorinji kempoaren printzipioez mintzatu da.
Defentsa pertsonaleko arte martzial japoniarra da shorinji kempoa, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Japonian sustraitzen den kultura, kirola eta filosofia. Shorinji hitz japoniarrak, Txinako Shaolin tenpluari egiten dio erreferentzia, eta Kempo hitzak, berriz, Quan Fa Txinako arte martzialari —Kung Fu ere deitzen zaio—. Nakano Michiomik, So Doshin izen budistaz ezagunagoa denak, sortu zuen 1947. urtean, herritarrak irakaskuntza, teknika eta hezkuntza sistema tradizionalekin prestatzeko sistema gisa.
1980ko hamarkadan iritsi zen shorinji kempoa Goierrira, Beasainera, eta handik gutxira, eskualdeko beste udalerri batzuetara zabaldu zen. Horrela, GUSKE sortu zen, ardatz beraren inguruan. 42 urte hauetan Japoniatik datorren diziplina honek ehunka jarraitzaile erakarri ditu eskualdean, familia bereko belaunaldi desberdinetako kideek ere shorinji kempoa praktikatzen dutela gertatzen da. Taldearen urte honenetan 300 partaide baino gehiago izan dira.
Angel Rodriguez (Beasain, 1953) GUSKE eskolaren sorreratik dago taldean, baina hau sortu baino lehenago hasi zen arte martzial honetan. «Segurtasuna irabazi nahi nuen, eta 24 urterekin hasi nintzen. Goierrin ez zegoen aukera handirik, eta Sakura gimnasioan, Donostian, Hiromi Shimura maisuarekin talde bat martxan jarriko zutela jakin nuen lagun baten bidez. Hantxe hasi nintzen. Larunbatetan joaten nintzen», gogoratu ditu diziplina honetan eman zituen lehenengo urratsak.
Goierrin, «Ordiziako Buztuntza auzoan hasi ginen praktikatzen. Beasaingo kiroldegira joan ginen ondoren. Han bi-hiru urte egon ginen. Orduan hasi ginen Beasainen talde propioa sortzeko ideiarekin. 1980ko hamarkadan ireki genuen gaur egungo egoitza», kontatu du Goierrin egindako bideaz.
«Edozeinek praktikatu dezake, sexua, adina edo sendotasun fisikoa gorabehera»
Angel Rodriguez. GUSKE
Rodriguezek berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea egin du. GUSKEko beteranoenetako bat bihurtu da. «Presarik gabe baina etenik gabe egin dut aurrera, poliki-poliki mailaz igoz. Nire helburua, teknikak eta filosofia ondo barneratzea izan da hasi nintzenetik, beraz, poliki-poliki egin dut aurrera», deskribatu du bere prozesua. Gerriko beltzean bigarren dana du.
Printzipioak
Shorinji kempoaren printzipioez ere hitz egin nahi izan du Rodriguezek. Defentsa pertsonaleko teknikak «bikoteka» egiten dira, horrela, «elkarrekiko konfiantza eta lankidetza ezar dadin, gizarte harmoniatsu, baketsu eta oparoaren muina eraikitzeko». Tekniken beste printzipio bat da, «erasotzaile batek erasotzailearen rola hartzen duela, eta beste batek, defendatzailearena, azken horrek behar baitu arreta handiena».
Erasoen erantzunak, berriz, «ihesetan, desbideratzeetan, abiaduran, doitasunean, orekan eta erasotzailearen aurkako erasoaren indarraren erabileran oinarritzen» direla kontatu du beasaindarrak.
Shorinji kemporen tekniken eraginkortasuna «gorputzaren bizi-puntuen kolpekatzean eta presioan, eta giza anatomiaren printzipioetan oinarritzen da, hau da, artikulazioen mugikortasuna, oreka, indarra, eta erreflexuak, besteak beste».
Horregatik guztiagatik, shorinji kempoa «edozein pertsonak praktikatu dezake, sexua, adina edo sendotasun fisikoa gorabehera. Nik neuk 71 urte ditut, eta indartsu eta osasuntsu mantentzen laguntzen dit», animatu ditu goierritarrak GUSKE eskolara gerturatzera.
Gehiago ere kontatu du Rodriguezek, irakurleak diziplina honetara hurbiltzeko helburuarekin. «Norbanakoaren kanpoko diziplinak —ingurune soziala, behar fisikoak…—, eta barnekoak —morala eta mentala— hobetzeko beharra baieztatzen du, eta gorputz eta buru orekatu bat lantzea eskatzen du», nabarmendu du.
Diziplina honetan dabiltzanentzat, beraz, «arte martzial bat baino gehiago da, ez baita besteei aurre egiteko edo garaitzeko diseinatua, autokontrola, oreka fisikoa eta mentala eta praktikaren bidez elkarren garapena ikasteko metodo bat baizik», borobildu du Rodriguezek.