Xabi Zurutuzaren fan kluba, Legazpitik adi-adi
Moto pilotuak igandean debutatu zuen munduko txapelketan, Amerikako Estatu Batuetan, eta lehen lasterketa hori telebistaz ikusteko jarraitzaile ugari elkartu ziren Karibe Zaharra tabernan. Hor du egoitza fan klubak.
Xabi Zurutuza irrikan zegoen munduko Moto3 txapelketa estreinatzeko, eta Legazpin ere irrikan zeuden pilotuaren jarraitzaileak data hori iristeko. Eta iritsi zen, txapelketa hasi eta hirugarren proban, pasa den igandean. Maila horretako lasterketetan lehiatzeko behar zituen 18 urteak bete, eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen legazpiarra, Ameriketako Zirkuitu handian mundialeko bere lehen proba egitera.
Igandeko 18:00etan hasi zen lasterketa, eta Legazpikoak hamahirugarren postuan amaitu zuen, parrilatik 23. postuan irten eta gero. Txapelketarako hiru puntu lortu ditu horrela, helburutzat duen hasi berrien edo rookie-n saria irabazteko lehenak eta oso baliagarriak.
Mundialeko debuta «ikaragarria» izan da Zurutuzarentzat, eta oso pozik dago lehen lasterketaren emaitzarekin. Txapelketaren hurrengo hitzordua Jerez de la Fronteran (Cadiz, Espainia) izango du, hilaren 28an.
Fan kluba, Legazpitik
Ikaragarria izan da, baita ere, Legazpin debut horrek eragin duena, igandeko lasterketa telebistaz ikusteko Zurutuzaren jarraitzaile ugari elkartu zirelako Karibe Zaharra tabernaren kanpoaldean, eguraldi ona baliatuz. Hantxe du egoitza pilotuaren fan klubak, eta hantxe egiten dute hitzordua lasterketa egunetan herritik ere nolabaiteko animoak helarazteko.
Zurutuzak lehia hastearekin bat, fan klubak bazkidetza kanpaina berria hasi du. Aurtengo kuota 40 eurokoa da, eta horren barruan kamiseta, motxila eta bazkide txartela sartzen dira, besteak beste. Espainiako zirkuituetan deskontuak lortzeko aukera ere eskaintzen du.
Klubeko bazkide izateko eta horrela Zurutuzari ekonomikoki laguntzeko, Karibe Zaharrera edo Laubideko Intsausti tabernara jo daiteke, baita sortu berria duten www.xabizurutuzafanclub.com webgunean ere.
Une honetan klubak 150 bazkide inguru ditu, eta herriko pilotuaren jarraitzaileen komunitate hori haztea da helburua.