53.000 goierritar daude deituta igandeko hauteskundeetan parte hartzera
Inkesten arabera, EH Bilduk lehenengoz irabaz ditzake Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Zalantzan daudenen bozkak erabakigarriak izango dira. Gauerdian amaituko da kanpaina.
Gauerdian amaituko da Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetako kanpaina gaur, ekintzaz lepo bete diren hamabost egunen ondotik. Hausnarketa-eguna da biharkoa. Agian, inoiz baino zentzu gehiagorekin aurtengoan, adituen arabera, zalantza dutenen bozkak erabakigarriak izango baitira azken emaitzan. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 53.461 goierritar daude bozka ematera deituta igandean.
Ezohiko kanpaina izan da hau, arrazoi ezberdinak tartean. Aste Santuetako eta Pazko Asteko oporralditik bueltan eman zitzaion hasiera, eta Athletic-en Errege Kopako ospakizun masiboek edo Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiaren heriotzak nolabait eklipsatu dutela esan daiteke. Ezohikoa baita ere, inkesten arabera, EH Bilduk irabazi ditzakeelako bere historian lehenengoz Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak. Hain zuzen, EAJren eta ezker independentisten arteko lehia estua espero da azken zenbaketetan.
Etxebizitza, lehen sektorearen krisia, osasuna, langabezia… asko izan dira kanpainan zehar politikariek erreklamo gisa erabili dituzten gaiak, baina Osakidetza edo autogobernuaren gaiak izan dira, orokorrean, alderdien arteko eztabaidak piztu dituenak. Goierrin ere makina bat ekintza egin dira kanpainak iraun duen bitartean eta alderdi nagusietako aurpegi ezagunak ere izan dira eskualdean. EH Bilduko Maddalen Iriarte, Arkaitz Rodriguez edo Rebeka Ubera; EAJko Joseba Egibar, Markel Olano, Arantxa Tapia edo Bakartxo Tejeria eta PSE-EE alderdiko Eneko Andueza lehendakarigaia edo Denis Itxaso, batzuk aipatzearren.
Hamasei goierritar zerrendetan
Bestetik, 16 goierritar daude bost alderdietako ordezkarien zerrendetan hautagai. Josu Aztiria (Zumarraga), Garikoitza Mujika (Idiazabal), Eraitz Saez de Egilaz (Beasain) eta Laida Begiristain (Ataun) EH Bilduren zerrendetan joango dira; Markel Olano (Beasain) eta Xabier Barandiaran (Ataun) EAJrenean; Alex Gonzalez (Urretxu), Oscar Valbuena (Legazpi), Eva Alvarez (Beasain) eta Ana Sanchez (Ordizia) PSE-EErenean; Ander Jimenez, Wesley Aritz Corsitto eta Maria Jose Jimenez beasaindarrak Elkarrekin Podemos-Alianza Verderen lerroetan, eta Monica Monteagudo eta Alberto Bezunartea legazpiarrak eta Ines Benitez zumarragarra Sumarrenean.
Parte hartzea kezka iturri
Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak 2020ko uztailaren 12an ospatu ziren, pandemia betean. COVID 19-ak erabat baldintzatu zituen hauteskunde haiek eta eragina nabarmena izan zen parte hartzean, abstentzioa handia izan zen. Oraingo hauetan ere parte hartzearen gaiak kezka sortu du, asko baitira hauteskunde bezperan zalantza agertzen duten herritarrak.
Tokian tokiko hauteslekuetako mahaiak 09:00etan irekiko dituzte igandean eta 20:00ak arte egongo da aurrez aurreko bozka emateko aukera. Atzo amaitu zen posta bidez botoa emateko epea. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, emaitzak modu «seguruagoan eta fidagarriagoan» bilduko dituzte aurten eta «igandeko 22:30erako 2.695 hauteslekuetako botoak %100 zenbatuta izatea» aurreikusten dutela esan dute. Parte hartze datu errealak ere publiko egingo dituzte 14:00etan, eta 19:00etan. Goierriko Hitzan ere Goierriko herriei dagozkien datuak ikusgai izango dira web gunean, igande iluntzean bertan.