Arteak kalea hartuko du
Lehenengo Arte Eguna egingo dute Beasainen, Erauskin plazan, igandean. Arte azoka, karikaturak, buztingintza tailerra, antzerki tailerra, musika eta taloak izango dira, goizean zehar.
Beasaingo kultur agendan berria den ekitaldia izango da igandean. Lehenengo Arte Eguna antolatu dute arte diziplina desberdinen bueltan lanean diharduten eragileen elkarlanetik. Bear pintura elkarteak, Argizpi argazkilaritza elkarteak, Beasaingo artezaleak elkarteak, antzerki taldea eta Beasaingo Udalak antolatu dute ekimena, beste eragile batzuen laguntzarekin.
Ekimenaren inguruan xehetasun guztiak eman ditu Iban Aranburu Bear pintura eskolako arduradunak. «Azoka baten moduan izango da, gure lanak kalera atera eta herritarrek ezagutu ditzaten herrian bertan dituzten baliabideak», aurreratu du ekimen berriaren inguruan. «Herritarrentzako eta bisitarientzako ahalik eta atseginena izatea nahi dugu, hala, bueltatxo bat ematen duten bitartean, Urbieta eraikinean aurki ditzaketen elkarte desberdinak eta bertan egiten duguna ezagutzera ematea da helburua», osatu du.
Erauskin plaza aukeratu dute Arte Egunari lekua emateko. «Beasaingo toki desberdinak baloratu ditugu baina iruditu zitzaigun Erauskin plaza aproposena dela, herrigunean dagoelako eta espazio zabala dagoelako». Gainera, euria egiten badu, Gernika pasealekuko pilotalekua gertu dute, eta bertan jarriko lirateke.
Egitarau zabala
Goiz osorako proposamena dakarte lehenengo Arte Egunarekin. 10:00etan irekiko dute arte azoka. Bertan, Urbieta zentroko artista desberdinek egindako lanekin postuak izango dira; pintura, zeramika, argazkigintza… Aranburuk iragarri duenez, 40 bat artistek jarriko dituzte lanak ikusgai. 14:00ak arte egongo da zabalik.
Baina gainera, gauza gehiago ere izango dira goiza girotzeko, guztia artearen bueltan, beti ere. Ausartenentzako, karikatura postura gerturatzeko gonbita luzatu du Aranburuk. Bear eskolako ikasle batek egingo ditu karikaturak. Gerturatzen den orok eska dezake karikatura egitea, ondoren etxera eramateko.
Horrez gain, buztina lantzeko aukera ere izango da, zeramika eskolako kideen eskutik. «Sekula probatu ez eta gogoa duenarentzat, hortxe izango du aukera paregabe bat», animatu ditu denak lotsak kentzera.
Goizeresi Beasaingo Txistularien laguntza ere izango dute goiza girotze aldera. 10:00etatik 12:00etara izango dira.
Antzerki taldearen txanda izango da ondoren. Antzerki tailerra egingo dute, eskenatokian. Ariketa desberdinak egingo dituzte, antzerkia ere herritarrei gerturatzeko. Pololo, Elena madalena eta Txiki pailazoen kamiseten postua ere izango da, eta pantailetan, orain arte estreinatu dituzten antzezlanen irudiak ipiniko dituzte. Sorpresatxoren bat izango dela ere aurreratu dute.
Egitaraua borobiltzeko, Goierriko talogileen arteari esker, barruak goxatzeko talo eskaintza goxo-goxoa izango da.
Azkenik, partaide guztiei «eskerrak» eman dizkie Aranburuk.
Bear eskola ezagutzen
Arte Egunaren inguruko informazio guztia jasotzeko Bear eskolara egindako bisitan, koadroak pintatzen izan dira bertako ikasleak. Espazio ederra dute Urbieta eraikinean, beharrezko materialekin, argitsua, gustura lan egin ahal izateko modukoa.
Mari Karmen Segurola, olioak erabiliz, paisaia batean ari da lanean. «Betidanik izan dut pintatzeko afizioa, eta duela urte asko hasi nintzen eskolan, 25 urte inguru». Lanak nola aukeratzen dituen ere kontatu du, «gustukoa dudana eta teknikoki menderatzen dudana aukeratzen dut beti». Igandeko azokan ezin izango du parte hartu baina «ekimen zoragarria» deritzo artea kalera ateratzea.
Belaunaldi guztietako beasaindarrak daude eskolan. Naia Mujika da gazteenetako bat arratsaldeko helduen taldean. «Oso gustuko dut pintatzea eta lasaitasuna ematen dit», esan du zaletasun honen onurak nabarmenduz. Eskoletan parte hartuz ikasi duenaz ere mintzatu da, «aurrerapauso handiak egin ditut, merezi du eskolara etortzea, asko ikasten da».
Jesus Mari Larrañaga ere pintatzen ari da. «Astean bitan, pare bat orduz etortzen naiz», adierazi du. «Pintura beti izan dut gustuko eta erretiroa hartu nuenean hasi nintzen eskolan», gehitu du. Momentu honetan Antiguon, Artikutza tabernan erakusketa bat duela ere kontatu du. Igandeko Arte Egunean parte hartuko du.
Hirukote honek, herritarrak eta ingurukoak, igandean, Beasaingo Erauskin plazara gerturatzeko gonbita ere luzatu du.