Pasoak eta arropak jasotzeko laguntza eskatu dute Aste Santuko kideek
Bihar, larunbata, 9:00etan elizan elkartuko dira. Bide batez, eskerrak eman dizkiete aurtengo Aste Santuan antolaketa lanetan aritu diren guztiei.
Segurako Aste Santua Taldeak eskertza ohar bat helarazi du, aurtengo Aste Santuan lanean aritu diren guztiei zuzenduta: “300 urte baino gehiagoko tradizio honek bizirik dirau. Aldaketa garaian gaude eta aurrera jarraitzeko sortu den indar berria azpimarragarria da. Gazte asko eta askoren inplikazioa txalogarria benetan”, esan dute.
Aurtengo lanetan parte hartu duten herritarrak ez ezik, urteetan lanean ibili direnak ere gogoan izan dituzte. Esker bereziak luzatu dizkiete txukunketa lanetan, arropa garbiketan eta apainketan aritu direnei, baita nola ez, santu eramaile, monagilo, soldatu erromatar, nazareno penitente, aingeru eta San Migel roletan aritu direnei baita herriko txistulari eta abesbatzako kideei eta herritarrei orokorrean ere.
Aste Santuko lanekin amaitzeko pasoak, arropak eta bestelakoak jasotzeko laguntza deialdia luzatu dute taldetik, eta bihar, larunbata 9:00etan elizan elkartzeko hitzordua egin dute.